Barrenak aztertu eta egin negar (edo egin barre)

Gorka Peñagarikano
0
All Dirt Roads Taste of Salt

Ezaugarritzen gaituenari begira jarri gaitu Raven Jackson zinegile estatubatuarrak All Dirt Roads Taste of Salt (Lurreko bide guztiek gatz zaporea dute) ordu eta erdiko lanean. Ez dakit donostiarrei asteburuan Gipuzkoa plazatik hara eta hona aritu diren Porsche-ek ezaugarritzen ote dien ala ez. Matrikula gehienek F-a zuten aurretik eta gizon zuri eta oro har 50 urtetik goragokoek gidatzen zituzten, bakoitzak berea pentsatzen dut, eta bakoitzak zeraman bere andrea alboan. Ez ote da hori izango definitzen gaituena?

Mack da aipaturiko filmeko protagonista eta bere bizitza etapaz etapa kontatzen zaigu abisurik pasatu gabe eginiko denbora aldaketetan. Saltoka doa kasik etengabe, baina hasieratik dakigu gertakari jakin batek erabateko garrantzia duela protagonistaren bizitzan: hil egiten da bere ama. Babes handia bilatzen zuen berarengan, neskatoa jakitun zelako esku finez hezten zuela –“eskuak” ez ditut kasualitatez aitatu–. Horren eraginpean sortutako amatasunaren irudi sentiberak eta haren ukapenak markatuko dute pelikularen tempoa. Amalurra, ama eta lurra; lurreko bide guztiek gatz zaporea dute.

Isila da pelikula. Inguruko soinuak hartzen du garrantzia elkarrizketen gainetik –Gipuzkoa plazan, zuzenean, ezinezkoa zen albokoarekin hitz egitea motor hots/zaratagatik–. Naturan inguraturik, Mississipi (AEB) aldean, txorien kantu eta euri tanten hotsek girotu dute pelikula. Ikusteko gozada handia da, mantsoa, ez aproposena agian bazkalosterako, baina ederra. Edo lo hartzen duzu edo apurtxo bat bada ere hunkitzen zara. Ez da bereziki pasaiek hartzen dutelako pantaila, planoan oro har motzak baitira, oso zehatzak, eta sarri eskuak dira protagonistak, abegikortasuna erakusteko-edo.

Jacksonen lanak uste dut merezi zituela jaso dituenak baino txalo duinagoak, eta publikoak errebisatu beharko luke izandako jarrera. Esango nuke 20-30 lagunek hanka egiten dutela Kursaaleko auditorio nagusitik ezer pasatuko ez balitz bezala. Jackson publikoaren artean zen, proiekzioa hasi aurretik agurtu zaio, eta mikrofonoetatik eskatu da faborez kreditu amaierara arte eserita egoteko. Jende batek ez du ordu laurdena ere eman eserita.

Ex-Husbands

Lasai ederrean ikusi eta barre egitekoak diren pelikuletan ez da aitaturiko situaziorik gertatzen. Kezkarik gabe ikustekoa da Ex-Husbands (Senar ohiak). Gainezka zegoen Kursaaleko aretoa, eta algara batzuk entzun dira hainbat eszenatan, horretarako egina baitago gidoia. Buruari gehiegi eragitera behartu gabe limurtzen dira ikusleak, eta konplexuagoak izan daitezkeen zenbait gai modu ironikoan dakartza Noah Pritzker-ek, homosexualitatea eta dibortzioa kasu.

This is us telesail estatubatuar luzea ikusia duenari ez zaio ezezagun egingo Griffin Dune aktorearen papera, aipaturiko telesail horretan Nick Pearson dena. Oraingoan, erretiroa hartzetik gertu egon daitekeen gizon erretxina da Peter Pearce –abizena ez diote gehiegi aldatu–; gizon nahiko bakartia, familia izan berez baduena, baina tratua murriztuta daukana. Bakarrik dago, bakarrik nahi du egon, baina bihotza samurtuta agian hobeto konpainian.

James Norton-ek gorpuzten du Nick Pearce, semea, ezkontzear dagoena. Anaiak ezkontza aurreko festa antolatu dio Yucatan-en, eta, sorpresarako, Peter ere bertara joaten da. Gidoi hasiera erabat yankee-a da, bai, baina ez da The Hangover edo antzerako pelikula zoro bat; espero daitekeen gisan, hori bai, badu komediatik zerbait. Hala ere, sakoneko hainbat arazo daude tartean eta pixkanaka bistaratzen joango dira. Horrek eta horiek kontatzeko moduak egiten du besteengandik berezi Ex-Husbands filma.

Musika asko eta soinu banda oparoa du filmak, aurrez esandakoak biribiltzeko osagai bikaina dena. Urrezko Maskorra irabazteko hautagaien artean izango da, eta uste dut, irabaziko balu, nahiko kuriosoa izango litzatekeela horrelako sari bat jaso eta igande arratsaldetan etxeko sofan ikustea hemendik ez askora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA