Yogiek ez dute barre egiten

Gorka Peñagarikano
0
La Práctica

Baina barre eginarazi diote publikoari. Ustekabeko handia izan da La práctica film txiletarra, bereziki sinopsiari behar baino garrantzia handiagoa ematen diotenentzat. Txilen bizi den yoga irakasle argentinarraren bizitza kontatzen dela soilik esatea deskripzio apalegia iruditzen zait eta azpimarratu behar nuen. Zentralitatea Gustavoren bizitza dohakabe eta kaotikoan dago, jakina; baina gertatzen zaiona gertatu beharrean beste zerbait jazoko balitzaio, ez luke gehiegi inportako. Kontatzeko moduan dago gakoa. Alegia, nolabait ere berdin duela zer gertatzen zaion gizajoari.

Yogiek ez dute barrerik egiten, ez dute animaliarik jaten eta ez dute baratxuria ikusi ere egin nahi izaten. Topiko horiek elikatzen ditu pelikulak, eta kurioski, ez dakit zergatik jarri duten horrenbeste enfasi berakatzarenean. Baina ez dadila beraz inor irainduta sentitu.

Esteban Bigliardik antzezten du Gustavo, eta berari buruz dakiguna ez da ezer asko, berez, eta bere pertsonaiak ez du askorik eboluzionatzen ere. Dakiguna da bikotekidearekin dibortziatze prozesuan dagoela –bera ere yoga irakaslea da; yoga gaindosia etxe berean– eta ama petarda bat daukala, beti gainean dagoena eta etengabe oroitarazten diona porrotez beteriko bizitza duela –igande arratsaldetako pelikulen sinopsia dirudi honek–.

Kontua da Gustavok ez duela barrerik egiten, esanguratsua da, eta aldi berean komedia dibertigarri bat ikusten ari garen sentsazioa eskaintzen du filmak yoga egiten duen pertsonaia bakarrak egiten ditu barre imintzioak; alegia, bistan da: falta zaio yogia izateko–. Modu kuriosoan egiten du aurrera filmak eta ezin asma daiteke zer gertatuko den hurrengo eszenan. Eta zin dagit, berdin dio zer gertatzen den. Baina guztiak izango du lotura. Umore absurdoa da eta oso inteligentea aldi berean. Sail Ofizialeko sorpresetako bat, ez saria irabazteko akaso, baina film ona da disfrutatzeko.

Un Silence

Haur pornografia eta pedofilia kasu baten inguruan hitz egiten du Un Silence pelikulak. Abokatu entzutetsu bat da erasotzailea, argazkian ikusten duzuena, kamerez inguratuta. Mila modu egon daitezke trama kontatzeko, baina asmatzen du Joachim Lafosse zuzendari belgikarrak. Biktima zuzenak ez dira inongo momentuan ageri; erasotzailearen familia da biktima dena, emaztea eta semea, hain zuzen. Konplizitatea eta kasuan isilean mantentzea, ausardia eta koldarkeria dira gakoetako zenbait.

Muntaia zoragarria duen pelikulak zapore gazi-gozoa utzi du ikuslegoaren artean, tramaren funtsa lehen ordu erdian kontatzen delako. Detaile guztiekin ez bada ere, lehen eszenatik jakiten da zer gertatuko den amaieran, nahiz gero izan zezakeen segida bat eta hura airean utzi. Beraz, lehen eszenatik aurreragokoak, familiako kideen bizipen eta sentipenetan oinarritzen dira oso-osorik.

Halako gertakari traumatiko eta gaitzesgarriak zuzeneko biktimen eskutik ez entzutea hautu politiko esanguratsua da, eta batzuek akaso faltan sumatuko dute haien testigantza. Interesgarria da oso emazteak sentitzen duen lotura senar erasotzailearekiko. Indarra daukate bere sentimendu eta emozioek, eta gogorra da ikustea nola senarra babesteko hautua egiten duen. Ez du egia osoa ezagutzen, parte handi bat bai, eta gizonarekin harreman afektiborako emozioetan hotz agertzen da, bistakoa da; baina presioz eta inertziaz-edo, zuritu egiten du. Eta zer pentsatua ematen du horrek, biktima zuzena izan gabe –pentsa bera balitz erasoa jasan duena–, zein behartua ikusten duen bere burua, bihotzak hartzera bultzatzen dion iniziatibari uko egiteraino.

Ikusteko pelikula erraza da bere horretan, hariari eusteko trabarik ez dagoelako, eta mamia duen edukia da. Eszena gogoangarri batzuk baditu, biolin doinu melankoliatsuek soinu erreal guztiak zapaltzen dituztenean, esaterako.

MMXX (2020)

Oroitu nahi pandemiako urteak? Hala bada, hauxe da zure pelikula. Hortik dator izenburua, 2020 urtea. Baina adi, dentsoa da oso, eta asko eta askori luze egin zaio aretoan.

Cristi Puiu errumaniarraren lan luzea lau zatitan banatuta dago –bakoitza 40 minutukoa da–. Elkarrekin lotura bakarra dute, eta nahiko berezia da, izan ere, lehen eszenan agertzen den pertsona bat bigarrengoan ere azaltzen da, eta bigarrengo ataleko pertsonaia bat hirugarrengoan, eta hirugarrenekoa… Horixe da oinarria, eta covid testuingurua, jakina.

Elkarrizketaz beteriko atalak dira eta pisutsua egiten da haria jarraitzeko. Jarraitzekotan, adi-adi heldu behar zaie azpitituluei (errumaniera ezagutzen dutenak salbu), eta gehitxo izan da. Gainera, elkarrizketak, hirugarren atalean esaterako, jasanezinak izan zaizkio kazetari honi: kamera kasik ez da mugitzen 40 minututan eta bi gizon daude, etzanda, hizketan, besteak beste emakume batekin izandako abentura sexualaz. Beno, abentura kontatzen zuenak hitz egiten zuen eta besteak bazirudien meme ezagun horretako neska, diskotekakoa, mutilak hitz jario ederrean belarria ederki uzten diola. Ba hori, irudi hori etorri zait burura une horretan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA