Kaosa, ze kaos?

Gorka Peñagarikano
0
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria astelehenean Bilbon. (Argazkia: Irekia)

“Kaosa hona iritsi baino lehen, kaosean murgilduta nengoen” dio Kuraiaren kantu batek. Abestiko protagonistak dio etenik gabeko mugimenduan aurkitzen duela bere lasaitasuna, eta geldialdiak dakarkiola kaosa. Agian horixe da gakoa: inguruko guztia etengabe mugitzen ari denean, fokua kanporantz dagoenean, kanpoa argitzen denean, barneko arazoak ikusezin geratzen direla. Kanpoan gauzak apaltzen direnean etortzen dira benetako problemak, barneko zutabeek gehiago eutsi ezin diotenean. Orduan bai, erakundeek kasu egin behar izaten diete orain otso gisa izendatu dituztenei. Eta etxe barruko problemak, betiko moduan, nahiago etxe barruan konpondu, oharkabean pasatzeko kanpoan. Badira horretarako hainbat mekanismo. Ez dut uste kasualitatea denik prentsarako iritzi-artikulua euskara hutsean bidali izana lehendakariak Noticias taldera. Errazago esaten da grebalariak “populistak” direla, populistas baino.

Jarrera “populistetako” bat: zerbitzu publikoak gainbeheran daudela diote sindikatuek, eta Urkulluk salatu du ez dela horrela eta ez dutela “inolako datu objektiborik eskaintzen”. Kaosa saldu nahi omen dute batzuek. Kaosa sumatzen du herritarrak Osakidetzara joaten denean ordea, eta ez da datu objektiborik behar. Sentsazioei men, osasun langile gutxiegi daude anbulatorioetan –edo “hemen ez du inork lanik egiten” diotsu inkontzienteak–. Protestara irten izan dira noizean behin, zerbaitengatik izango da. Oro har kapitalaren menpe dauden langile guztien pare: edo jende gutxiegi ari da lan karga handia pilatzen, edo soldatak apalegiak bihurtu dira bizitzeak kostatzen duenaren aldean. Bizitzaren garestitzeari galga jartzen norbaitek erreferentea izan behar badu…

“Ezin da diru publiko guztia erabili funtzionarioen nominak ordaintzeko”, esan du lehendakariak iritzi-artikuluan. Ez dakit nork iradoki duen horrelako zentzugabekeriarik, baina oinarri gutxi duen komentarioa da. Inork ez du nahi funts guztiak funtzionarioen nominetara joatea. Eskatzen dena da inflazioari esker gero eta gehiago edaten ari diren arka publikoen gordailuak hobekiago erabiltzea.

Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontu-proposamena aurkeztu du asteartean, Urkulluk artikulua argitaratu eta egun batera, eta asteazkena greba eguna izango da sektore publiko osoan. Horixe da gertakarien kateamendua. Jaurlaritzaren aurrekontuak, oraingoan ere, inoizko handienak izango dira, 15 mila milioi euro. Sekula baino diru gehiago bideratuko da zerbitzu publikoetara, bereziki Osakidetzara. Europako batezbestekoaren gainetik, gainera. Herritarrei, bistan da, ez diela balio kopuruak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA