Zaborrontzi bihurtu nahi zaituzte

Gorka Peñagarikano
0

Egongelan handi-handian jarrita zaude. Zaborrontzi gardena zu, Txinatik ezkutuan inportatu zintuztena, haustura eragin duzu, sinbolikoki bederen… Ai, Generalitatearen logoa daraman zaborrontzi gardena zu, zeinen maitatua eta zeinen gorrotatua izan zaren. Hain askea eta demokratikoa den Europako Parlamentutik ere bota zuten zure argazkia duela hilabete, eta zure egun bakarreko funtzioaren errepresentazio gorena izan zen gizonak hartu zaitu etxean. Ahaztu zintuzten, baina lehen lerrora iritsi zara orain. Boto-kutxa zinen, eta zaborrontzi bihurtu nahi zaituzte orain.

Amnistia legearen haizeteek bortitz jo dute espainiarzale askoren etxeetan. Nazioaren aurkako traizio gisa definitu dute askok, eta traidoreak bi dira haien arabera: nagusia PSOE, eta eskuin tradizional Junts bestea –2017tik, gutxienez–. Tradizio handiko bi alderdi, nazioa errepresentatzen duen figura babestu dutenak urteetan, baina haize berriak datoz etorkizunetik: Espainiako Erresumak emakumezko figura monarkikoa izango du oraingoa hiltzen denean, edo abdikatzen duenean, eta ondorengo horri ez zaizkio kantu borboniko klasikoak gustatzen, Suspiros de España eta Al Príncipe de Asturias tema klasikoak. Rosalia eta ABBA entzuten ditu etorkizuneko erreginak, eta trap musika ere bai noizbait. Askori irenstea kostatzen ari zaion “garai berria” datorrela adierazi dute sozialista alderdikoen esfera komunikatibotik, eta “garai berria” hasiko omen da amnistiaren legea onartzen denean.

Kontuak kateatzen ari dira Espainian. PSOEk beste behin ere bere hitza jan du, gezurra esan eta amnistia onartu. Bere burua saldu du Sánchezek, eta indultuen bidez kartzelatik atera ziren politikarien ingurumariko hainbat kideren delituak ere ezerezean geratuko dira orain. Behin-betiko Sánchezen figura markatuko duen ekintza izango da, batzuentzat gorriz tindatua, besteentzat zuzenean bandera beltza ateratzekoa.

Herriarentzako poesia bat ere bada aldi berean. Berriz hasteko modu bat-edo iragartzen du. “Honek ez zuen gertatu behar, gertatu zen, baina hasierako puntura bueltatzeko balioko du”. Botereari eusteko beharraren beharraz, hitzemanak jan ditu batek, eta ideiak aparkatu besteak. Azken horiei komeni zitzaien botere apurrari eusten ahalegintzea, bazuten-eta oraindik ere gehiago galtzeko, nahikoa galdu ez balute. Azkenean, ozta-ozta, barkamenik eskatu gabe aseko dituzte beharrak, barkaezina gizarte espainiarraren parte handi batentzat. Barkamena eskatzen duenak normalki egiten du indarrean dagoen justiziak egiteko zeukan bidea egina duelako, baina puntu horretara iritsi aurretik, kaosa apaldu eta agonia luzatu du eskuin eta ezker tradizionalak. Sozialdemokraziaren laguntzaz, pasoa irekiko diote garai berriei, iraganari karpetazoa emanda. Berriz hasteko modu berri bat.

Kutxa gardena zu, boto-paperak jaso zenituen plastikozko kutxa, berriz ere fokuak harrapatu zaituela, eta zaborrontzi izendatu zaituzte oraingoan. Ez zintuzten gehiegi erakutsi nahi PSOEkoek, pentsatzen zuten fokua Espainiako koroaren ekitaldian egongo zela, baina bistaratu zaituzte beste batzuek. Izango zen Junts edo izango zen amnistia legea izorratu nahi duena, baina ederra gertatu da zu ikusita. Sozialisten defentsarako argudioa, garai berriak datozela esatea. Rosaliaren doinuek markatu dezatela, beraz, etorkizuneko tempoa. Kutxa gardena zu, iraganari lotu nahi zaituztela.

PSOEk prentsa oharrarekin batera zabaldutako irudia.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA