Ihes betea, zilegi

Gorka Peñagarikano
0
Un Amor / Zoe Sala Coixet

Nonbait balego bere bakea, Nat-ek haren bila egiten du bidea. Errefuxiatu eta asilo eskatzaileekin egiten zuen lan hirian, haien itzultzaile gisa epailearen aurretik pasa behar zutenean. Jatorri afrikarreko emakume baten itzulpena egiten ari zen kasua dakarkigu Isabel Coixet zinegile kataluniarrak Un amor pelikulan. Testigantza hura itzultzen majo sufritzen du Nat-ek, ez hizkuntzagatik, baizik eta testigantzaren mamiagatik, sufrimendu istorio oso gogorra eta gordina delako. Ahotsak dar-dar egiten dio Nat-i, epaileari zuzentzean.

Gauzak horrela, erabakia noiz eta nola hartzen duen erakusten ez bada ere, badakigu, mundutik ihes egiteko gogoz, mendialdeko herri txiki batera joaten dela bizitzera. Oreka emozionala topatzen ahaleginduko da, baina bistakoa da osasun mentaleko arazo larriak dituela. Asilo eskatzaileen itzultzailea zeneko testigantza horiek, eszena laburretan ekarrita, ondo gogoan dauzka Nat-ek bizi berri baten bila ekiten dionean.

Ez nuen inola ere esango: aho zapore gazi gozoa utzi dit pelikulak. Sara Mesaren liburuak oihartzun oso handia izan zuelako akaso, gauza handiak espero ziren Coixetek pantailara eramateko egindako egokitzapenean, eta bai, ona da filma, baina gehiago espero nuen. Pertsonaien izate hain ezkorrek eragindako inpresioa da agian, edo ez dagoela bigarren mailako pertsonaiarik benetan konbentzitzen nauena. Esaterako, Nat-en bizilagun berri diren horiek oso apal geratzen dira pelikulan, nire ustean. Oro har, faltan sumatu dudana da gainontzeko pertsonaien eboluzio eta garapena. Ez dakit, Nat-en paperaren alboan gainontzeko guztiak lastoa dirudi; Andreas salbatuko nuke, ez gehiago.

Dena den, ezbairik gabe, eta gainontzeko guztiaren gainetik, nabarmentzekoa da Laia Costak protagonista antzezten egiten duen lana. Baten batek saririk eskuratu behar balu, bera izan beharko litzateke. Muntaia, gainontzean, oso ona dela esan daiteke eta kontatzen den istorioa, liburukoa, itzela da. Istorio hori bera kontatzeko moduak asko dira, bistan da.

Puan

Adi komediazaleok, hau zuentzako izan daiteke-eta. Fuerte hasten da pelikula. Filosofiako irakaslea da Marcelo, Buenos Aireseko auzo ez hain txiro batean –ez naiz atrebitu esatera auzo burgesa dela–, eta bere inguruan kokatzen da pelikula bihurria, dolarrak ihesean ari eta krisia lehertzear dagoen Argentinan. Gomendagarria da María Alchéren azken lana, Puan.

Marceloren lankide fin eta prestu bat bihotzekoak jota hil egin berri da, eta horren aitzakiapean, artaburu galanta den tipo bat Buenos Airesera itzuliko da. Filosofia irakaslea da hau ere, Alemanian ordea, eta ulertzera ematen denarengatik oso-oso ona da (eta berak horrela saltzen du bere burua). Narzisista eta egolatra bat izaten bai dela abila gizona. Gainera, joe, Argentinako aktore eder eta ezagun batekin harreman afektiboa hasi berri du; zeozer erakargarria edukiko du, beraz. Jakina, gure Marcelo, gizajoa, apur bat lodia da eta burusoil geratzen ari da, eta dena gaizki ateratzen zaio.

Filosofiako irakasleen mobida hauek ikusita eta filma hasten den bezala hasita, euskaraz ikusi ahal izan genuen Merli telesail katalanaren antzerako zeozer eskainiko zigunaren sentsazioa eman dit pelikulak, eta ez didazue esango ezetz, Marcelok ez duela Merlikoaren antzarik. Esan dizuet fuerte hasten dela filma, barre dezente egiten da lehen minutuetan, baina uste dut maldan behera sartzen dela gero filma, txiste jarioa amaituko balitzaio bezala, eta une batzuetan gehiegi tematzen da protagonistaren bizitzan; gero, bukaera partera bai salbatzen dela pelikula. Tarteko hori astun samarra egin zaio hainbeste pelikula hain egun gutxian ikusi dituen honi.

Ohiko komediatik harago doan pelikuletako bat da Puan eta merezi du azpimarratzeak. Jorratzen diren gaiak sakonak dira eta ongi asmatzen du Alchék. Filosofiako apunteak zipriztin batzuk baino ez dira: heriotzaz hitz egiten da, gizartearen pobretzeaz, langile klaseaz, antolakuntzaz… Beraz, badu mamia, halakoek eduki ohi dutenaren gainetik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA