Dementziaren kontakizun bat

Gorka Peñagarikano
0
Great Absence (Ausentzia handia)

Kei Chika-Ura zinegile japoniar gaztearen filmak txalo zaparrada handia eta luzea jaso du ostiral arratseko emanaldian, zuzendaria bera –gidoigilea ere bada– presente zegoela, aktore printzipalak eta beste hainbat kidek lagunduta. A Great Absence (Ausentzia Handia) pelikulak hainbat ertzetako ausentzia kontatzen du: bata, ausentzia mentala, Tatsuya Fuji-k antzezten duen pertsonaiak pairatzen duena; eta bestea, familia barneko ausentzia, bakarturik geratu delako gizona. Bigarren emaztearen ausentziak min handia eragiten dio.

Lehenbiziko emaztearekin izandako semearekin ez du traturik izan aspaldian. Azken ideia hau nahiko errepikakorra egin zaigu Sail Ofizialean. Ez dakit ados jarri ote diren The Successeur-ekoak eta biak, zoria izan ote den, Zinemaldikoen hautua, edo zer demontre. Filmen demasa honetan zurrunbiloak harrapatu egin ohi gaitu eta azken pelikula honen hasierako eszenetan sentitu dut film bakar bat zela guztia eta japoniarrek ere Quebec-era egingo zutela bidaia.

Mamira itzulita: pelikula ederra da A Great Absence. Gogorra da edukia, dementziak ez baitira errazak kudeatzen, eta Kei Chika-Urak lortzen du ikusleari mina transmititzen. Bi hamarkada ingururen ondoren, semeak aitarengana joko du, minez, kostata, eta damu puntu batekin ere bai, lehenago harremana berreskuratu ez izanagatik. Dementzia larria du agureak, laguntza behar du, zentro batean ospitalizatua dago, baina semeak sarri bisitatuko du. Semeak, orduan, hariari tirako dio, azken urteetan zertan ibili den galdetuta, eta jakingo du bakar-bakarrik geratu dela. Hor dator misterioa, ez baitakigu ongi non dagoen emaztea. Baliteke hilda egotea, edo gaixo, edo baliteke ospa egin izana. Eta ospa egin badu, zergatik egin du? Agureari galdetzea alferrik da, batean gauza bat eta bestean bestea esaten duelako.

Pelikula handia egin du zuzendari japoniar gazteak. Aktoreen lana ere azpimarratzekoa da eta filma, une batzuetan astunegia egin badaiteke ere, erabat gomendatzekoa da pelikulan sakon murgilduko nahiko lukeen ororentzat.

The Royal Hotel

Amu erraza du The Real Hotel pelikulak, eta ikusteko erraza da; beraz, espero daiteke Kitty Green zinegile australiar gaztearen lanak izango duela zabalpena.

Agian horixe da film honek duen berezitasunaren zergatia: 40 urte baino gutxiago dituela zuzendariak eta zinemagintza konbentzionala deitu ahal diogun horretan, alegia, argumentu aldetik hain ohikoak diren istorioak kontatzen diren pelikuletan, Green-ek beste ikuspegi batetik oso modu sakonean landu duela gaia. Maskulinitate toxikoaz ari gara hizketan.

Hannah eta Liv bi gazte kanadar dira, eta zerbaitetik ihesi –airean uzten den gaia da–, motxila hartu eta Australiara egiten dute bidaia, oporretan. Sidney-n dirua xahutu ondoren, ezerezaren erdian dagoen taberna desatsegin batean amaituko dute lanean Work and Travel programaren bitartez. Alegia, bertan hartuko dute ostatu eta bertan egingo dute lan aste gutxi batzuez, sos batzuk irabazi asmoz, bidaia luzatu ahal izateko.

Bi neska gazte dira kilometro askotan mina lantegi handi bat besterik ez dagoen ezerezaren erdian. Abisatuta zeuden joan aurretik, hango gizonek normalean ez dituztela “haien beharrak asetzen”, eta “gosea berpiztuko zitzaiela” ziurrenera, behin haiek hara helduta. Segurtasunik gabe sentitzen dira bi protagonistak, bereziki Hannah, maskulinitate toxikoz inguratuta, alkoholismo erabateko giroan. Bertatik bertara bizituko dute indarkeria sexista eta matxista, jasangaitzak izango baitzaizkie hango herritar asaldatuen “irtenaldiak”.

Beldurra transmititzen du filmak, puntu batetik aurrera are esanguratsuagoa bihurtzen da auzia, indarra irabazten du argumentuak, eta nabarmentzekoa da zeinen ongi iristen den emozio hori ikusleen bihotzetara. Ez da parrandan joan diren bi gazteren bizipenak, askoz ere gehiago da, eta gehiago du desfase mentaletik beste guztitik baino. Argumentuak ez du buelta gehiagorik ematen.

Julia Garner-ek (Hannah) sekulako papera egiten du, mundiala iruditu zait antzezpena, besteak beste bere isiltasunek transmititzen duten beldurra, mina eta kezka emozioz beterikoa delako. Aktore gaztea da Garner eta dagoeneko paper oso onak ikusi dizkiogu Modern Love eta Ozark telesailetan, baita The Assistant filmean ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA