‘O Corno’ eta beste hainbat film gomendio

Gorka Peñagarikano
0
Jaione Camborda zuzendaria eta Janet Novás aktorea. (Argazkia: Jorge Fuembuena / Donostia Zinemaldia)

71. edizioak izen propio bat utzi du: Jaione Camborda. Historian, lehenbizikoz, Euskal Herrian jaiotako emakume batek jaso du garaikur nagusia. Donostiarrarentzat izan da Urrezko Maskorra, oso-osorik galegoz den O corno filmarengatik. Urriaren 11tik aurrera helduko da Hego Euskal Herriko zine aretoetara.

Galiziako irla batean kokatzen da istorioa, 1971n, oraindik ere Portugalerako pasabideak Poliziak ongi kontrolatuak zituenean. Maríak –Janet Novás da aktorea, lehenbiziko pelikula du– erditzen eta abortatzen laguntzen die emakumeei; teknika bitxia darabil, misterio hutsa dena. Emaitza onak utzi ohi ditu, baina huts egiten du abortu batek. Maríak, isilean, ihesari ekingo dio, Portugalerako bidea hartuta.

Zentralitatea duten pertsonaia guztiak emakumezkoak dira, eta haien arteko elkartasuna erakusten da pelikulan. Lehendabiziko eszenatik hasita, ikuspegi feminista nabarmendu egiten zaio Cambordari.

Hainbat gomendio

Saria eskuratuko ez balu ere, gomendatuko nukeen filma da O corno. Beste hainbat lan ere nabarmentzekoak dira, aretoetara edo plataformetara gerturatu ahala kontuan hartzeko.

Le successeur (Oinordekoa)

Le successeur

Modaren munduan, goi-mailako konpainia bateko lidergora heldu berria da Ellias Barnès protagonista.

Beste oinordekotza bat ere helduko zaio, Quebec-en bizi zitzaion aita hil egin berri delako. Ez zuten traturik, baina bertara joan beharko du, hileta eta ondasunak kudeatzera. Patxada eskatuko dio Montrealen topatuko duenak; susto galanta jasoko du. Thriller itxura hartzen du filmak, baina komediako ateraldiak ere baditu.

Otsailean estreinatuko da; oraindik bidea du egiteko beste sariketetan.

Puan

Puan

Komedia ederra. Filosofiako irakaslea da Marcelo –Marcelo Suiotto aktoreak saria jaso du–. Ikasketa-buru eta laguna bihotzekoak jota hil berri da, eta horren aitzakiapean, artaburu galanta den tipo bat Buenos Airesera itzuliko da. Filosofiako irakaslea da hau ere, Alemanian; alegia, oso-oso ona izan behar duela. Hilberriaren postuarengatik lehiatuko dira.

Komediaz harago, jorratzen diren gaiak sakonak dira: heriotza, gizartearen pobretzea, langile klasea…

Urriaren 5ean helduko da Hego Euskal Herriko zine aretoetara.

Fingernails (Azkazalak)

Fingernails

“Bakartiez” edo bikoterik gabeko pertsonez osaturiko gizarte bat, krisi larrian dagoen gizarte bat da. Alegia, bikotea eduki behar da –jakina, gizon-emakumeak–, eta bikotea edukita ere, gizartearen presioz, frogatu behar da maitemindurik zaudetela. Maitasunaren Institutua delako erakunde bat dago eta bikote guztiak joaten dira bertara proba egitera; azkazala osorik moztea da probaren zati esanguratsuena. Bikotearen azkazalak mikro uhin labe batean sartu eta makinak esango du ea zenbat maite zareten, %0, %50 edo %100. Alegia, bitako inor ez, bitako bat ala biak. Drama eta tentsio puntua sortzen du egoerak.

Horrela esanda, txorrada samarra dirudi sinopsiak, baina ikusleagoaren ikusmina pizten du kontatzeko moduak. Interesgarria eta ikuserraza egiten da.

Apple plataformak finantzatu du ekoizpena eta haren plataforman egongo da urriaren 27tik aurrera.

Un Silence (Isilune bat)

Un Silence

Haur pornografia eta pedofilia kasu baten inguruan hitz egiten du Un Silence pelikulak. Abokatu entzutetsu bat da erasotzailea, haur pedofilia kasuekin lan egiten duena. Mila modu egon daitezke trama kontatzeko, baina asmatzen du Joachim Lafosse zuzendari belgikarrak. Biktima zuzenak ez dira inongo momentuan ageri; erasotzailearen familia da biktima dena, emaztea eta semea, hain zuzen. Konplizitatea eta kasuan isilean mantentzea, ausardia eta koldarkeria dira gakoetako zenbait.

Interesgarria da oso abokatuaren emaztearen papera. Indarra daukate bere sentimendu eta emozioek, eta gogorra da ikustea nola senarra babesteko hautua egiten duen. Ez du egia osoa ezagutzen, parte handi bat bai, eta gizonarekin harreman afektiborako emozioetan hotz agertzen da, bistakoa da; baina presioz eta inertziaz-edo, zuritu egiten du.

Dagoeneko estreinatu da Frantziako Estatuan.

La Práctica

La práctica

Beste komedia bat. Txilen bizi den yoga irakasle argentinarraren bizitza kontatzen da. Dibortziatzear dago protagonista–bikotea ere yoga irakaslea da–, eta ez da gai onartu eta egoera gainditzeko. Ama petarda bat ere badauka, beti gainean dagoena eta etengabe oroitarazten diona porrotez beteriko bizitza duela. Eta hainbat topiko elikatzen ditu pelikulak: yogiek ez dute barrerik egiten, ez dute animaliarik jaten eta ez dute baratxuria ikusi ere egin nahi izaten

Bai, igande arratsaldetako pelikulen sinopsia dirudi honek, baina harago doa. Kontatzeko modua nabarmenduko nuke. Umore absurdoa da eta oso inteligentea aldi berean.

Laster estreinatzea espero da.

Un Amor

Sara Mesaren liburu entzutetsuan oinarrituta dago Un Amor pelikula. Nat-ek, protagonistak, errefuxiatu eta asilo eskatzaileekin egiten zuen lan hirian, haien itzultzaile gisa epailearen aurretik pasa behar zutenean. Jatorri afrikarreko emakume baten itzulpena ikusten dugu. Testigantza hura itzultzen majo sufritzen du Nat-ek, ez hizkuntzagatik, baizik eta testigantzaren mamiagatik, sufrimendu istorio oso gogorra eta gordina delako. Mendialdeko herri txiki batera egiten du ihes. Oreka emozionala topatzen ahaleginduko da, baina bistakoa da osasun mentaleko arazo larriak dituela.

Laia Costaren lan bikaina ikusteko aukera ederra da. Dagoeneko zinema areto handietara iristen ari da.

The Royal Hotel

Amu erraza du The Real Hotel pelikulak, eta ikusteko erraza da. Hannah eta Liv bi gazte kanadar dira, eta motxila hartu eta Australiara egiten dute bidaia, oporretan. Sidney-n dirua xahutu ondoren, ezerezaren erdian dagoen taberna desatsegin batean amaituko dute lanean Work and Travel programaren bitartez. Alegia, bertan hartuko dute ostatu eta bertan egingo dute lan aste gutxi batzuez, sos batzuk irabazi asmoz, bidaia luzatu ahal izateko. A zer nolako taberna den. Segurtasunik gabe sentitzen dira bi protagonistak, bereziki Hannah, maskulinitate toxikoz inguratuta, alkoholismo erabateko giroan. Bertatik bertara bizituko dute indarkeria sexista eta matxista.

Beldurra transmititzen du filmak, puntu batetik aurrera are esanguratsuagoa bihurtzen da auzia, indarra irabazten du argumentuak, eta nabarmentzekoa da zeinen ongi iristen den emozio hori ikusleen bihotzetara. Aktore puska da Julia Garner (Hannah).

Azaroaren hasieran helduko da zinemetara.

Ex-Husbands

Lasai ederrean ikusteko pelikula estatubatuar bat da. Buruari gehiegi eragitera behartu gabe limurtzen dira ikusleak, eta konplexuagoak izan daitezkeen zenbait gai modu ironikoan dakartza Noah Pritzker zuzendariak, homosexualitatea eta dibortzioa kasu.

Peter (Griffin Dune) bakarrik geratu berri den adineko gizona da, erretiroa hartzetik gertu dagoena. Nick, semea, ezkontzear dago, eta anaiak ezkontza aurreko festa antolatu dio Yucatan-en, eta, sorpresarako, Peter ere bertara joaten da. Gidoi hasiera erabat yankee-a da, bai, baina ez da The Hangover edo antzerako pelikula zoro bat; espero daitekeen gisan, hori bai, badu komediatik zerbait. Hala ere, sakoneko hainbat arazo daude tartean eta pixkanaka bistaratzen joango dira. Horrek eta horiek kontatzeko moduak egiten du besteengandik berezi Ex-Husbands filma.

Festibal gehiagotan egongo da eta aurrerago estreinatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA