Aste ekologikoa (I): Adurtzako aste agroekologikoa eta Bionekaraba
Kultura ekologikoaren inguruko agenda ekitaldiz beteta izango dugu aste honetan. Bionekazaritzak (Arabako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren elkartea), Gasteizen urtero antolatzen duen duen Bionekaraba nekazaritza ekologikoaren azoka larunbatean ospatuko dela aprobetxatuz, Adurtzako Aste Agroekologikoa garatuko du bihartik osteguna arte auzo-elkartearekin batera. Nekazaritzaz haratago, kultura ekologikoaren inguruko Biocultura azokaren trena Bilbon geldituko da lehenbiziko aldiz, Valentzia eta Bartzelonatik igaro ondoren, Madrileruntz jarraitu baino lehen.
Adurtzako Aste Agroekologikoaren baitan, Gasteizko Adurtza auzoko Gizarte Zentroak (Heraclio Fournier, 30), agroekologiari buruzko hitzaldiak hartuko ditu astearte eta asteazkenean, 18.30ean hasita. Lehenengo egunak “Norantza doa gure elikadura? Mundu mailatik gure auzoetara” leloa izango du ardatz, eta Via Campesina Internacional-eko bi kidek garatuko dute gaia.
Asteazkeneko leloa “Nekazaritzatik datozen elikagaien kontsumo aukera desberdinak Adurtzan” izango da. Lehenengo hizlariek, kontsumo talde ekologikoei buruz arituko dira. 19.00etan Larrabetzuko eskola publikoaren jantoki ekologikoaz hitz egingo du guraso elkarteko eta Gurpide nekazari eta kontsumitzaileen elkarteko kide banak.
19.30ean José Ramón Mauleon EHUko soziologoak hartuko du hitza nekazarien merkatuen garrantziaren gaia jorratzeko.
Ostegunean jaiaren txanda iritsiko da. 18.30etik aurrera patata tortila agroekologiko lehiaketa eta, Gautxoriburua taldearen eskutik, haurrentzako antzerki agroekologikoa izango dira Adurtzako kaleetan. Era berean, auzoko Kumbalaye batukada taldeak azken festa girotuko du.
Aste agroekologikoa larunbatean amaituko da gasteiztarrentzat. Egun horretan, urriaren 5a, Bionekaraba nekazaritza ekologikoaren azoka ospatuko da hiriburuko Foru enparantzan. Gainera, 12.00etatik aurrera, hiri baratza tailerrak eta antzerkia egongo dira bertan.
Beste aldetik, Barakaldoko BEC-ek Biocultura azoka hartuko du asteburu osoan zehar. Baina hori hurrengo sarrerarako utziko dugu.
Iruzkinik ez
Trackbacks/Pingbacks