Hasiera »
Zuloan bloga - Zuloan
Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
2018-03-13 // AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
Gipuzkoako hainbat obra esanguratsutako errealitate laborala euren begiz ikusi ahal izan dute Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek. Zubietako erraustegia, Anoetako estadioa eta abiadura handiko treneko obretan barrena ibili dira astelehenean Igor San Jose ELAko Gipuzkoako eraikuntza arduradunaren laguntzaz. Iker Casanova parlamentariak Twitterreko hari batean idatzi duenez “bidaia atsekabegarria izan da XIX. mendeko lan baldintzetara”. (gehiago…)
‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
2018-03-01 // Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
Abiadura Handiko Treneko beharginen lan baldintzak lehen eskutik ikertu ditugu Zuloan. Bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena liburuan, Manu Robles-Arangiz institutuarekin elkarlanean. Langileen testigantzak eta prekarietate kasu zehatzak aurkezteaz gain, lan honek eraikuntzaren arloko gaur egungo egoeraren argazki orokorra ere ematen du.
Liburuak zabalpen handia izan du, besteak beste Gipuzkoako Batzar Nagusietara eta Eusko Legebiltzarrera eraman du ELA sindikatuak, parlamentariek errealitate horren berri jakin dezaten.
Ikerlanaren ondorioak ezagutarazi eta liburua aurkezte aldera, hitzaldi zikloa antolatu dugu hainbat eragilerekin batera martxoan eta apirilean, Urko Apaolaza liburuaren egilearen partaidetzarekin:
> Martxoak 13an, Gasteizen. 19:00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Arabako ustelkeriaren kontrako Adi! Elkarteak antolatuta.
> Martxoak 23an, Urretxun. 18:30ean Urretxu-Zumarragako Gaztetxean.
> Apirilaren 12an, Donostian. 17:30ean ELAren Donostiako egoitzan (Amara-Berri). Manu Robles-Arangiz elkarteak antolatua. Igor San Jose ELAren Gipuzkoako eraikuntza arduradunak ere hitz egingo du, Anoetako estadioan egiten ari diren obrez.
> Apirilaren 19an, Iruñean. 19:30ean Karrikiri elkartean. Manu Robles-Arangiz elkarteak antolatua.
Liburua ARGIAren Azokan duzu eskuragai, 14 eurotan.
Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
2018-02-27 // AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
ELAko kideek ‘Zuloan’ liburuaren ale bana eman die Legebiltzarreko talde politiko guztiei, aurretik Gipuzkoako Batzar Nagusietan egin bezala (arg: Eusko Legebiltzarra)
AHTn eta beste zenbait obra publikotan dabiltzan langileen egoeraz azkenaldian zabaldu den kezka Eusko Legebiltzarrera eraman du ELAk. Igor San Jose eta Luis Fernandez sindikatuko kideak Lana eta Justizia batzordean izan dira, EH Bilduk gonbidatuta, eta azaldu dute eraikuntza arloko lan hitzarmenak “sistematikoki” urratzen direla.
Salaketa hori egiteko Zuloan liburuaren ondorioetan oinarritu dira. ARGIAk eta Manu Robles-Arangizek argitaraturako kronikan, AHTko beharginen eguneroko lan baldintzak zein diren kontatzen du Urko Apaolaza kazetariak testigantzen bidez. “Liburuak oso ondo azaltzen du zein den egoera eta adibide garbiak ematen ditu”, esan du San Josek. Ikerketa horri esker azaleratutako lan-esplotazio kasu zehatzen berri ere eman dute Legebiltzarrean.
(gehiago…)
Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
2018-02-15 // Sailkatu gabea // Iruzkinik ez
Igor San Jose AHTren Hernaniko zatian azpikontrata bateko langileekin (Argazkia: ARGIA)
Igor San Jose ELAko Gipuzkoako Eraikuntzako arduradunarekin hitz egin du Hala Bedi irratiko A todo gas saioak. Askotan hitz egin da AHT eta errauskailuaren inguruan irratsaioan, baina oraingoan lan harremanen perspektibatik egin dute.
ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz institutuak elkarlanean kaleratutako Zuloan liburuak, Urko Apaolaza kazetariak idatzia, argitara eman du AHTko obren atzean dagoena errealitatea: “Zuloan liburuak goitik behera desmuntatu du Abiadura Handiko Treneko eraikuntzan gertatzen ari dena, arlo guztietan”, dio San Josek.
Ingurumen gaiekin jarraituz errauskailua hizpide izan dute. Lan egoera benetan garratza! Lan ordu ezinezkoak, oporrik ezak, istripuak, hildakoak, soldata miserableak, hitzarmenik eza… Eta hori guztia ingurumenari eragiten dioten obra publikoetan.
Elkarrizketa hau Halabedi irratiak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.
“Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
2018-02-08 // AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
Zuloan: bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena izeneko liburua kaleratu zuen Urko Apaolazak kazetariak, ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz fundazioarekin elkarlanean. Aldi baterako enpresa taldeak ari dira eraikuntza zati ezberdinak egiten. Hauek lanak azpikontratatu eta azken hauek beste enpresa bat azpikontratatzen dute. Oso baldintza txarretan, askok ez dute euren eskubideen berri eta gainera alde guztiak dira horren jakitun.
Elkarrizketa hau Info7 irratiak argitaratu du, jatorrizko bertsioa hemen entzun dezakezu.
Gipuzkoako batzarkideei ‘Zuloan’ liburua helarazi diete, eraikuntzako lan baldintzen berri izan dezaten
2018-01-17 // AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
Batzordeko talde politikoei ‘Zuloan’ liburuaren ale bana eman diete. Irudian, PPko ordezkaria liburua ondoan duela.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ekonomia Sustapeneko batzordean ELAko kideek azalpenak eman dituzte lurralde horretako eraikuntzan langileen jasaten dituzten lan baldintzen inguruan. Abiadura handiko Trena ere jarri du mahai gainean Igor San Jose sindikatuko ordezkariak eta batzordeko talde politikoei Zuloan liburuaren ale bana eman die.
ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz fundazioak argitaraturiko liburuan AHTko lan prekarietatearen kronika eta testigantzak irakur daitezke. San Josek batzarkideei azaldu dienez “dokumentazio ugari” erabili da liburua osatzeko: “Zenbait politikarik esan izan dute ELAk dioena gezurra dela, baina demostraturik geratu da, ebazpenez ebazpen, gure salaketak egiazkoak direla”.
Liburuan agertzen diren hainbat kasuren berri ere eman du sindikalistak. Hala lau urtez oporrik izan ez duten langileen kasua edo gauez bidaia luzeak egiten dituzten azpikontrata bateko beharginena aipatu ditu.
Zuloan liburua erosteko aukera dago 14 euroren truke internetez ARGIAren azokan edo ohiko liburu-dendetan.
Testigantza eman zuten langileek epaiketa irabazi dute
Horrez gain, ELAko kideak jakinarazi du beste epaiketa bat irabazi berri dutela. Duela hilabete batzuk ARGIAko erreportaje batean euren testigantza eman eta gero AHTko langile batzuek langabezia itzultzeko abisua jaso zuten Gizarte Segurantzatik. Enpresari zor ziena erreklamatu diote eta honek arrazoia eman eta ordaindu egin die azkenean, San Josek esan duenez.
ELAk ‘Zuloan’ liburua bidaliko dio Urkulluri, “obra publikoan dagoen errealitatea ezagutu dezan”
2017-12-19 // AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
AHTko lan prekarietatea islatzen duen Zuloan liburua jasoko du Iñigo Urkullu lehendakariak ELAk bidalita, “obra publikoko errealitatea ezagutu dezan”. Sindikatuko idazkari nagusi Adolfo Txiki Muñoz horrela zuzendu zaio lehendakariari: “Irakurri Zuloan liburua eta adituko duzu nola esplotatzen den AHTko obretan”.
ELAren Industria eta Eraikuntza Federazioak asteartean Donostian antolatu duen kongresuan egin ditu hitzok Muñozek. Federazioak 40.000 afiliatutik gora du eta Unai Martinez berretsi dute idazkari nagusi hara joandako ehunka ordezkariren artean. Martinezek nabarmendu du lan erreformen bidez soldatak merkatzeko asmoei enpresa bakoitzaren barne “antolakuntzaz” egin diela aurre sindikatu abertzaleak.
Agintarien hipokrisia lizitazio publikoetan
Adolfo Muñozek obra publikoetako “abusuzko baldintzak” izan ditu hitz gai. Bere ustetan “hipokrisia” besterik ez da agintariek eta zehazki Eusko Jaurlaritzak darabiltena: “Soldaten igoera aipatzen duten bitartean beren administrazioetan kontrakoa egiten dute: herri lanen eremuan langileen miseria areagotzen dute”. Horretarako AHTko lanetan gertatzen ari dena jarri du adibidetzat, Zuloan liburua eskuan hartuta.
Abiadura Handiko Trenaren obretan ELAk salatutako gehiegikerien kronika dakar kazetaritza lan honek, ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz Institutuak elkarlanean argitaratua. Hemen eskuratu dezakezue.
“Zenbat karpeta daude tiraderetan gordeta, AHT edo bestelako kontu ezkutuez?”
2017-12-13 // AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea // Iruzkinik ez
Donostiako Kaxilda liburu-dendan egin da ‘Zuloan’-en aurkezpena. (Argazkia: Dani Blanco)
Unai Oñederra Manu Robles-Arangizeko kideak galdera horixe egin du astearte arratsaldean Zuloan liburuaz hitz egiterakoan. ARGIAk eta Manu Robles-Arangizek argitaraturiko lanaren aurkezpena egin dute Donostiako Kaxilda liburu-dendan Oñederrak eta Urko Apaolaza egileak.
AHTren lan-esplotazio kasuak salatzen eta ikertzen aritu da urte askoan ELA sindikatua, eta kazetariari dokumentazio hori guztia biltzen zuen “karpeta arrosa” pasa ziotenekoa kontatu du aurkezleak, tiraderetan edo armairuetan dauden kolore askotako beste karpetetan gordetzen dena atera beharraz. Bernardo Atxagak behin ELAri botatakoa ere gogoratu du: “Guk badugu erresistentzia kutxa, baina erresonantzia kutxa falta zaigu”. Hala, liburuarekin pozik agertu da Manu Robles-Arangiz Institutuko zuzendaria, AHTko obretan dagoen ezkutuko errealitateari oihartzuna eman diolako.
Apaolazak, bere aldetik, ikerketaren mamia azaldu du eta azaldu du funtzio nagusietako bat izan dela trenbidea egiten ari diren langileei ahotsa jarri eta testigantzak biltzea: “Langile batek esan zidan tunel barruan egun osoan lanean aritu ondoren kamioietako gasaren ondorioz malkotan amaitzen zutela egunero. Malko horiek oso irudi esanguratsua iruditzen zaizkit haien baldintzak nolakoak diren jabetzeko”.
Liburua salgai dago ohiko liburu-dendetan eta Argiaren webguneko dendan.
‘Zuloan’ liburuaren aurkezpena abenduaren 12an Donostian
2017-12-05 // AHTren aktualitatea // Iruzkinik ez
Jadanik eskuan ditugu Zuloan liburuaren aleak, ARGIA eta Manu Robles-Arangiz Institutuaren arteko elkarlanari esker argitaratua. AHTko obren barrunbeetan langileek bizi dituzten baldintza prekarioak eta azpikontraten joko iluna lehen eskutik kontatzen du lanak. Durangoko Azokako ARGIAren mahaian aurkituko duzu egunotan, webguneko dendan ere eskura liteke.
Liburuaren aurkezpena abenduaren 12an izango da, asteartearekin, Donostiako Kaxilda liburu-denda alternatiboan (Arroka kalea 2, Easo Plaza ondoan), arratsaldeko 19:00etan. Urko Apaolaza ARGIAko kazetari eta liburuaren egileak hitz egingo du ekitaldian.
ELA sindikatuko kideekin batera AHTko obretan bizitako esperientzia kontatzeaz gain, jasotako testigantzen eta ikerketaren ondorioen berri ere emango du Apaolazak, Manu Robles-Arangizeko lagunak ondoan dituela.
AHT eraikitzeko 500 milioi gehiago aurreratuko ditu Eusko Jaurlaritzak
2017-11-28 // AHTren aktualitatea // Iruzkinik ez
Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburua, Jaurlaritzak AHTko zati gehiago egingo dituela iragartzeko unean, Donostian (arg.: Irekia)
EAEko administrazioak beregain hartu ditu Gipuzkoako zatiko obra gehiago, tartean Adifek gaizki egindako hainbat tunel berritzea. Ondoren, onartu berri den kupotik kenduko dute diru hori.
Eusko Jaurlaritza prest dago diru gehiago jartzeko Euskal Y-ko obrek abiada gal ez dezaten. Iñigo Urkulluren gobernuak estrategikotzat dauka proiektua eta kupotik tirako du, eraikuntza enpresek 500 milioi euroren truke obra zibil handiarekin segi dezaten. Joan den maiatzean EAJk Madrilen PPren aurrekontuak onartzearen ordaina litzateke beste urrats hau. (gehiago…)