Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Kaliforniako AHTren ezinak: garestiago, atzerapenarekin eta beharginak estutuz
Atalak: AHTren aktualitatea
Berbideratze lanak Fresnon abiadura handiko trenari tokia uzteko (argazkia: The Guardian)
Txosten federal konfidentzial batek agerian utzi duenez trenbidearen lehen zatia 3.600 milioi dolar gehiago kostako da eta ez da 2024ra arte amaituko. Euskal Y-a egiten ari diren konpainia espainiarrak dabiltza bertan.
2017a ez da albiste onekin hasi Kaliforniako abiadura handiko trenaren sustatzaileentzat. Los Angeles Times egunkariak AEBetako estatu horretako Trenbideen Administrazio Federalaren barne-txosten baten berri eman du, proiektuak dituen arazoak nabarmen utziz.
Kalifornian Los Angelesetik San Frantziskorako tren lasterra sustatzen duen erakundeak dio ibilbidearen lehen zatia egitea %50 garestiago izango dela, zehazki 3.600 milioi dolar gehiago, nekazaritzarako hain emankorra den Central Valley-n zehar zubi-bide eta tunel ugari egin behar direlako.
Bestetik, kostatzen ari zaie trenbideak igaro behar duen lurrekin egitea. Proiektuak oposizio handia izan du nekazarien artean, haien jabetzak debaluatu eta zatituko dituztelako. Horren eta finantzazio arazoen ondorioz, lehen fasearen amaiera 2024ra atzeratuko dela dio txostenak. Hau da, gurean Arantxa Tapia sailburuak AHTa amaitzeko agindu digun data (2023) baino urtebete atzerago.
Los Angeles Times-ek azaldu du Kaliforniako AHTan dabiltzan langileen artean egindako barne inkesta bat eskuratu duela, eta “morala oso baxu” dagoela. Egunkariaren esanetan kaleratze eta errotazio tasa altuak gehiegizko lan karga ekarri diete bertan ari diren beharginei. Estatu federalak baztertutako zonaldeetan egoera zaurgarrian dauden ehunka langile “prestatu” zituen obretan aritzeko.
AEBetan eraikitzen ari diren azpiegitura handiena da Kaliforniakoa, 1.300 kilometroko ibilbidea izatea nahi dute. Proiektu osoak 68.000 milioi dolar kostatuko duela uste da eta kritiko oso gogorrak izan ditu alde askotatik. Askoren ustez ez da sekula amaituko.
Eraikuntzan Espainiako konpainiak buru-belarri daude sartuta, horietako zenbait Euskal Y-a ere ari dira egiten aldi berean. ACSren filial Dragados S.Ak 100 kilometroko zati baten esleipena lortu zuen Fresno hegoaldean –enpresa honen esku daude AHTren Urnieta-Hernani, Tolosa, Beasain ekialdea eta Zizurkil-Andoain zatiko lanak–. Ferrovialek, berriz 22 kilometroko zati bat eraiki behar du Bakersfield iparraldean –berak egin du Gipuzkoan AHTren Andoain-Urnieta zatia–.
Espainiako Gobernua euskal hiriburuetako sarbideak eta geltokiak egiteko itzulinguruka dabilen bitartean, bere menpeko Adif enpresa publikoak interes handia erakutsi du Fresnoko geltokia eraikitzeko; 80 milioi dolarreko aurrekontua izango luke obrak.
EMAN ZURE TESTIGANTZA
AHTko arrisku egoeren, lan-baldintza eskasen eta irregulartasunen testigantza zuzenak eta salaketak ere bildu nahi ditu blog honek. Zuk edo zure inguruko inork trenbidearen obretan gertatzen ari denaz informazio edo bizipenik izanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezke zuloan@argia.eus helbidera idatzita. Twitter kontua eta Facebook orria ere baditugu.