Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Zergatik ekin nahi zaie orain AHTren Bergarako obrei?
Atalak: AHTren aktualitatea
Bergarako biaduktua. Eremu horretatik gertu egin nahi diren AHTren obren azken kostua zein izango den enpresa-eraikitzaileek ere ez dakite.
Espainiako Gobernua gorabehera politiko eta ekonomikoak gainditu nahian dabil trenbidearen zati estrategikoa egiteko. Aldi berean, enpresa-eraikitzaileek jarrai dezakete lan-esku merkearen salerosketarekin fluktuatzen.
Bergarako lotunea eta EAEko abiadura handiko trenaren geltokiak eraikitzeko prozesua desblokeatu egin dela dirudi. Batetik, Espainiako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru hiriburuetako alkateen artean etengabe ari dira bilerak egiten –azkenekoa ostegun honetan egingo dute, hiriburuetarako sarbideen alor teknikoa zehazteko–. Bestetik, Iñigo de la Serna Sustapen ministroak jakinarazi du geldirik zeuden Bergarako zatien adjudikazioak deuseztatu dituela eta proiektu berriak esleituko dituela. Zer aldatu da ‘Y’-aren erdian?
Bergarako adjudikazio horiek –Adif sozietate estatalaren esku– hasierako aurrekontua baino %51 merkeago egin ziren: 557,8 milioi euro kosta behar zuenak 288,6 milioitan egin zezaketela ziurtatu zuten enpresek. Hor egon da lehen korapiloa. Duela gutxi arte enpresek obretako proiektuak “modifikatu” egiten zituzten, ustez zailtasun tekniko edo ustekabeei ekonomikoki aurre egiteko –amarrurako leiho ilun bat zabalduz, bestalde–; baina 2011n Zapateroren gobernuak onartutako lege baten arabera gain-kostuak ezin du %10 baino gehiago izan eta horrek sekulako burukominak ekarri dizkie trenbide-konstruktoreei.
Orain, jadanik Kongresuan tramitazioan dagoen kontratazio publikoari buruzko beste lege-proiektu bat dator (pdf). Aldaketa nabarmenetako bat da gain-kostu hori %50 arte igo litekeela, enpresak hala justifikatzen badu. Sekulako pagotxa beraz. Honela dio lege horren 203. artikuluak:
Beraz, enpresa eraikitzaileak eta Adif dantzan izan dituen eragozpen handiena kendu dute, soinu askorik atera gabe gainera.
Egiaz, legea Europako 2014ko zuzentarau batzuek diotena ezartzera baino ez dator. Moncloaren esanetara “gardentasun” eta “kontrataziorako azkartasun gehiago” ekarriko omen du, eta bestetik, adjudikatzerako orduan alderdi teknikoa eta kalitatea gehiago baloratuko omen da eskaintza ekonomikoa baino; Noticias taldeak berrikitan argitaratu duenez low cost kontratuak amaitu dira AHTn, agidanean.
“Pertsonen salerosketa”
Idatzita oso ondo ematen du, adjudikazio aurrekontuaren eta benetako gastuaren arteko doikuntzak balio lezake obra duintzeko edo enpresariaren kontu korronteari likidezia emateko. Baina praktikan, konponduko al du ezer tren lasterraren obretan negozio-pastela banatzeko izaten den botere-harremanen desorekan? Egunean 12 ordu edo gehiago sartzen dituzten peoi edo ofizialek ikusiko al dituzte euren lan baldintza miseriazkoak hobeturik?
Aurrekariak ikusita, zaila dirudi: Eusko Trenbide Sarearen esku dauden Gipuzkoako 17 zatitan %7 inguruko beherakadarekin baino ez ziren adjudikatu obra gehienak, eta hala ere lan-esplotazio kasu ugari izan da haietan –epaitegiek edo ETSk berak onartu duten moduan–. Ordu-estra gehiegizkoak, soldata oso baxuak, kaleratzeetan irregulartasunak… ELA sindikatuak azaleratu duenez, enpresa bakarra gai izan daiteke Gizarte Segurantzari 1,2 milioi euroko iruzurra egiteko. Eta dozenaka ari dira AHTn.
Espainiako Gobernuaren lege berriak dio erakunde kontratatzaileek uko egingo diotela enpresa-taldeen proposamenari, “ingurumen, gizarte eta lan arloetan dauden betebeherrak” konplitzen ez dituenean. Baita ere dio “pertsonen salerosketagatik” eta “langileen eskubideen kontrako delituengatik” zigortutakoei ezin izango zaiela ezer adjudikatu. 2011ko Zapateroren legeak ere halaxe jartzen zuen ordea, eta zertarako balio izan du?
Hitz horiek guztiek gurutzegrama batek adina balioko dute AHTren kasuan, obra publiko erraldoian dabiltzan aldi baterako enpresa-elkarteek (UTE) segitzen badute azpikontrata-sareak prezio itxiekin presionatzen eta azpinkontrataturiko enpresok, aldi berean, euren beharginak trikimailuekin prekarizatzen, lan-ikuskaritzako fokuetatik salbu.
Bizkitartean, urrundik etorritako ofizial eta peoiek jarraituko dute ehunka lan-ordu korritu pilatzen, euro gutxi batzuen eta konpartituriko gela baten truke.
EMAN ZURE TESTIGANTZA
AHTko arrisku egoeren, lan-baldintza eskasen eta irregulartasunen testigantza zuzenak eta salaketak ere bildu nahi ditu blog honek. Zuk edo zure inguruko inork trenbidearen obretan gertatzen ari denaz informazio edo bizipenik izanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezke zuloan@argia.eus helbidera idatzita. Twitter kontua eta Facebook orria ere baditugu.