Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
AHTren hiriburuetako sarbideak egiteko operazio urbanistikoak adostu dituzte Madrilen
Atalak: AHTren aktualitatea
Abandoko Renferen lurrak etxebizitza eta bestelako erabileratarako ustiatuko dituzte, AHTren proiektua baliatuz (arg: Eusko Jaurlaritza)
Trenbidea lurperatu eta oraingo linea arruntaren ibilbidea aldatuz, milaka metro koadro urbanizatzea da asmoa.
Adif, ETS, Eusko Jaurlaritza eta hiru udaletako teknikariek asteazkenean egindako bileraren ondoren, Espainiako Gobernua eta administrazio autonomikoa “akordiora” iritsi dira Euskal Y-aren hiriburuetako sarbideak eta geltokiak diseinatzeko.
Akordio horren inguruko xehetasun askorik ez du eman Eusko Jaurlaritzak, baina lehen balorazioen arabera, operazio urbanistiko handietan oinarrituko dira hiru proiektuak.
Bilbon trenbidea eta geltokia erabat lurpean joango litzateke eta Abando inguruan dituen 90.000 metro koadro urbanizatzeko aukera emango luke horrek. Jaurlaritzak azaldu duenez erabakigarria izango da “eragiketaren bideragarritasun finantzierorako”.
Donostian AHTrentzat trenbide linea independente bat eraikiko da eta egungo sare arruntaren ibilbidea aldatuko da, Martutene eta Loiola auzoetan dauden hainbat erriberako lur ere urbanizatu ahal izateko.
Geltokia, egungo autobus geltokiarekin eta Tabakaleraren eraikinarekin “integratua” geratuko litzateke. El Diario Vasco egunkariak astearteko edizioan plazaratu zuenez, plaza artifizial erraldoi bat (9.000 m2) eta Terminus hotela handitzea lortuko lukete diseinu horrekin, besteak beste.
Gasteizen trenbidea eta geltokiari behin behineko soluzioa eman ordez, definitiboa ematea da asmoa. Kasu honetan ere, egingo den inbertsioari errendimendua atera eta “aprobetxagarria” izatea nahi dute.
Ordezkari politikoek proiektu horiek definitu eta berrestea izango da hurrengo pausoa.