Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Amiantoa eta Lonbardiako AHT egiten ari diren langileekiko mespretxua
Atalak: Sailkatu gabea
Harrobi batean amiantoa pilatzen ari zirela erakutsi zuen AHTren kontrako mugimenduak (arg: No Tav Terzo Valico)
Milan-Genovaren “hirugarren erraila” eraikitzen ari den konpainiaren arduradunak izoztuta utzi ditu hango herritarrak: “Amiantoa dagoela? Gaixotasuna 30 urte barru arte azaltzen ez den bitartean…”.
Piamonteko Val di Susan urteak daramatzate borrokan abiadura handiko tren proiektuen kontra; Europa mailan nekez aurkituko da halako oposizio handirik, herri asanbladetatik ernatua. Tunel erraldoiekin zeharkatu nahi dituzte Alpeak Turin eta Lyon arteko linea osatzeko, eta herritarren beldur nagusienetako bat da mendi horietako arrokek ezkutatzen duten amiantoa azaleratuko dutela tunelagailuek eta harrobietako dinamitak. Hala, jadanik mineral hilgarriarekin asko sufritu duen eskualdeko akuiferoak are gehiago kutsatu lirateke.
Hortik ez oso urrun, Lonbardiarekin mugan, beste trenbide bat eraikitzen ari dira, Milan eta Genova abiadura handian batu nahi dituena “hirugarren errail” baten bidez: 53 kilometro, horietatik 37 lurpetik. Obrak 2013an hasi ziren eta COCIV enpresa-partzuergoa ari da eraikitzen.
Herritarren artean amianto isuriak kezka handia sortu du hasieratik obra horretan ere bai. Hala, partzuergoko lehendakariorde Ettore Paganiri poliziak telefonoz atzemandako elkarrizketa batek –aspaldi ari zen bere atzetik obrarekin lotutako ustelkeria kasuaengatik– harri eta zur utzi du iritzi publikoa. La Stampak argitaratu du urtarril honetan: partzuergoko teknikari batek arduradunari ohartarazten dio amiantoa dagoela eta langileren bat gaixotzen bada “desastre” bat izango dela, telefonoaren bestaldean honela erantzuten dio Paganik: “Amiantoa dagoela hirugarren errailan? Gaixotasuna 30 urte barru arte azaltzen ez den bitartean”.
Proiektuari aurre egiteko No TAV Terzo Valico mugimenduaren ustez izugarriak dira baieztapen horiek: AHT eraikitzen ari diren langileekiko “mespretxua” adierazten dute eta eraikuntza-enpresentzako beharginak “kanoi-bazka” baino ez direla erakusten dute.
Mugimenduak bere blogean azaldu du mobilizazio eta frogengatik ez balitz –harrobi batean amiantoa pilatzen ari direla erakusten duten argazkiak zabaldu zituen– orain ez litzatekeela amiantoaz hitz egingo obra horiei lotuta, eta gogorarazi du enpresek 2012an ukatu egin zutela mineral hori bazenik ere: “Paganik modu horretan jardun du egin zezakeelako, ardura duten erakunde eta direktiboak ez direlako horrekin kezkatuta egon”.
Mugimenduak egunotan asanblada ugari egin ditu Novi Ligure, Tortona eta Alessandria herri inguruetan Itxi ezazue Hirugarren Erraila amiantoaz hil ez gaitezen lelopean.