Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
“Hirugarren errailak” Europara ez, Ekialde Hurbileko basamortura garamatza
Atalak: AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea
De la Serna, Tapia eta beste hainbat agintari izan dira obretan (arg: Adif)
Astigarraga-Irun artean trenbide arruntaren zabalera AHTra egokitzeko obretan izan dira berrikitan agintariak, eta argitu digute 2019an amaitu dezaketela “hirugarren erraila”. Ezagutu nolako eskarmentua duten lan hori egingo dutenak.
“Frantziarekin” 2019an egon gaitezkeela AHT bidez konektaturik. Halaxe saldu zuten duela egun batzuk hedabide nagusiek Astigarraga eta Irun arteko trenbide arruntean Espainiako Gobernuak hasiko dituen obrak. “Hirugarren erraila” deitzen zaion horrekin zabalera estuagoko trenak ere igaro ahal izango dira.
Orotara 165 milioi euroko inbertsioa egingo du Madrilek, Iñigo De la Serna Espainiako Sustapen ministroak obretara egindako bisitan azaldu duenez. Kopuru horretan kontratu ezberdin ugari sartzen dira. Orain abiatuko duten fasea apirilaren 1ean esleitu zion Coprosa enpresari 20,4 milioi euroren truke.
Coprosa talde asturiarra buru-belarri aritu izan da Espainiako AHTren sarean lanean, baina azkenaldian kanpora begira ere jarri da. Hala, ezaguna da Qatarren negozioa egin duela Bin Ladenen semeetako batekin, Doha hirian 2022an ospatuko den Munduko Futbol Kopako eraikinak egiteko. Pello Zubiriak Net Hurbil honetan kontatu zigun zein preziotan ari diren lanean hango beharginak: Indiako nahiz Nepaleko milaka obrero esklabuen baldintzatan dauzkate eta haietako 4.000 hilko direla kalkulatu du Sindikatuen Nazioarteko Konfederazioak.
Egipton ere jarri du oina Coprosak. Al-Sisiren erregimenarekin akordioa sinatu du 2016an, El Cairo ekialdeko basarmortuan egitekoa duten hiriburu administratibo berrian –milioi bat lagunentzako megapolia– etxebizitzak eraikitzeko.
Baina Jaizkibelgo magalean esku hartuko duten beste enpresa gehiagok ere badituzte hariak urruneko proiektu faraonikoekin. Esaterako, Irungo geltokia eta katenaria 6,7 milioi eurogatik AHTrako egokituko duen konpainia, Cobra Taldea, Saudi Arabiako Meka-Medina tren lasterra –basamortuko AVE ere deitua– eraikitzen ari da. ACSren filiala da Cobra, eta beste hainbat enpresa espainiarrekin osaturiko kontsortzioan ari da 6.700 milioi euro baino gehiagoko kostua duen trenbidea egiten herrialde absolutistan.
Saudi Arabian tren lasterra egiten ari da Espainiako Estatuko enpresa-sare handi bat eta exotikotik gutxi dute hango lan-baldintzek.
Mekako tren lasterreko obretan iaz langile espainiar bat hil zen eta gertaerak arrabotsa sortu zuen. Istripuak azaleratu zuen baldintza oso gogorretan ari direla lanean hara joandako europarrak –asiarrek baldintza are okerragoak omen dituzte–. Blog honetan kontatzen denez, hildako lagunak eta gainerakoek 14 orduz egiten zuten lan basamortuko beroaren erdian.
Euskal Herrian, zorionez, ez dituzte halako tenperaturak jasango Astigarraga-Irun arteko hirugarren erraila egiteko. Galiboak handitzeko tuneladora berezi bat ekarriko dute eta horri esker lortuko omen da 2019ko data desiratuan amaitzea obrak, ez langileen izerdi, neke eta baldintzen bizkar, jakina.