Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Ustelkeria sarearen itzala Euskal Herriko abiadura handian
Atalak: AHTren aktualitatea, Dokumentuak
Zornotzako AHT zatia dauka jomugan ikerketa polizialak, besteak beste (Arg.: Isolux Corsan)
Espainiako Estatuan barrena abiadura handiko trena eraikitzen ari den Isolux Corsán enpresaren inguruko eroskeria kasuek ez dute etenik eta Euskal Y-a ere zipriztindu dute. Momentu honetan Zizurkil-Andoain arteko zatia ari da egiten multinazionala Euskal Herrian.
Bartzelonako AVEaren eskandaluak azaleratu zuen ustelkeria sarea 2014an: Isolux Corsán-ek azpikontrataturiko enpresari batek aitortu zuen Adif-eko teknikariei opariak egiten zizkietela exekutatu gabeko obrak egiaztatzearen truke.
Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu zituen operazioan eta begirada guztiak segituan jarri ziren enpresa bera Euskal Y-ko trenbide proiektuan eraikitzen ari den lau zatiengan: bi zati Adif Espainiako sozietate publikoak esleitu zituen Bizkaian eta beste bi Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan.
AHT Gelditu! Elkarlana koordinadorak publikoki azaldu zuen kezka, eta EH Bilduk gogorarazi zuen zati horietako batean –Tolosa-Hernialde artekoan– Herri Kontuen Euskal Epaitegiak irregulartasunak atzeman zituela lehenago. Zehazki, epaitegiak zioen “iritzi-balioak” gailentzen zirela eta segurtasun planik gabe hasi zirela lanak.
Koalizio abertzaleak Eusko Jaurlaritzari azalpenak eskatu zizkion Legebiltzarrean. Honen erantzuna: prozesuak berme guztiak zituela, baina epaitegiaren gomendioak kontuan izango zituztela “gardentasun eta kontrol hobe baten mesedetan”.
EAEko adjudikazioen %6,4 Isoluxentzat
EAEko administrazio autonomikoaren bezero nagusietakoa izan da Isolux Corsán urteotan. Espainiako obra zibil publikoa ikertzen duen Quien cobra la obra webgunean azaltzen denez, 2009 eta 2015 artean 105 milioi euroko kontratuak egin zitzaizkion enpresari, epe horretan erkidegoan esleitutakoaren %6,4.
Espainiako Gobernuak, bere aldetik, jarraitu zuen Isoluxi Euskal Herrian trenbidea eraikitzeko lanak ematen. 2015ean, Bartzelonako eskandalua jakin zenetik urtebetera, Bergarako lotuneko bi zati esleitu zizkion multinazionalari: Arrasate-Bergara zatia 79 milioi euroren truke eta Elorrio-Bergara zatia 44 milioitan.
Proiektu horiek ez ziren inoiz egin. Kontratistek egindako eskaintza Adif-ek zehaztutako aurrekontua baino %51 merkeagoa zen, baina behin obrak esleituta, prezioa igotzeko eskatu zuten zailtasun “teknikoak” zeudela argudiatuz. Batzuek aurreikusitako gastua besteek ez? Oso arraroa. Bergarako esleipenak bertan behera geratu ziren orain hiru hilabete eskas.
2016ko ekainean atxiloketa gehiago izan ziren; Isolux krisi sakon batean sartuta zegoen ordurako: urte hartako irailean 531 langilerentzako erregulazio espedientea zabaldu zuen lan erreforma baliatuz. Erreskate plan baten ondoren, multinazionalaren akziodun nagusiak CaixaBank eta Santander bankuak dira orain, eta haiek dira aldi berean pilatu duen zorraren –2.000 milioi euro– hartzekodunak.
Zornotzako AHTren zatia beherapenetan
Nolanahi ere, AHTrekin zerikusia duen ustelkeria sarea Kataluniatik harago doala gero eta nabarmenagoa da. Guardia Zibilak Adif kasua-ri txosten bat gehitu berri dio El País-en arabera: Galizia, Gaztela-Leon, Asturias eta Euskal Herrian ere hedatu zuen Isolux Corsánekin iruzurra egiteko sistema.
Zornotzako AHTren zatia du jomugan epailearen eskuetan dagoen txostenak. Zati hori 2007an esleitu zion Adif-ek Isolux Corsán eta Urazcak osatutako aldi baterako enpresa elkarteari (UTE) %26ko beherapenarekin: 16 milioi euro merkeago. Baina honek hondoa jotzerakoan, Isoluxek 14,5 milioi euro gehiagorengatik bereganatu zuen obra guztia. Hau da, aurretik kendu eta ondoren jarri.
Poliziak mezu elektronikoetan ikusi duenez, diru hori Adif-ekin hitzartu zuen multinazionalak, eta horien bidez frogatu daiteke teknikarien egiaztapenak ez datozela bat “egindako obrekin”.
Txio lakoniko bat
“Isoluxek justiziarekin erabat kolaboratzen du ustezko jarduera ilegalak ikertzeko”, irakur daiteke multinazionalaren Twitter kontu ofizialaren azken txioan. Bere webgunean azaldu du jarraitzen duela ikerketa polizialen “asuntoak” aztertzen barne mailan, eta deliturik ikusi orduko jarriko duela agintari judizialen aurrean.
Egun Isolux Corsán Zizurkil eta Andoain arteko abiadura handiko trenbide zatia egiten ari da Amenabar, Leza, Dragados eta Comsarekin batera. 180 milioi euroko aurrekontua dute lanek eta Adunako 4,7 kilometroko tunela eta Antzibarreko 222 metroko zubibidea dira egitura nagusiak. Esleipen dokumentuan azaltzen denez, UTEak lanen %3,56 baino ez omen du azpikontratatuko. Bitxia da, azpikontratazio tasa askoz altuagoa izaten baita halako obretan.
Bartzelonako AVEan 2014an damututako enpresaria azpikontrataturik zegoen, eta antza, kokoteraino UTEko kontratistei mesedeak eta Adif-eko arduradunei opariak egiteaz.
Adunako tuneleko ahoa Andoaingo aldetik. Isolux Corsán zati honetan ari da UTE handi baten barruan lanean, %58an egina dago ETSren azken datuen arabera.