Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
AHTren Hernaniko obretako azpikontratak onartu du Gipuzkoako hitzarmena ezartzea
Atalak: Dokumentuak, Sailkatu gabea, Tuneleko jendea
ARGIAk langileen esplotazioaren berri eman ostean, enpresak lan-baldintzak hobetzeko konpromisoa sinatu du ELA sindikatuarekin. Obretan izan gara berriz ere egoera zein den ikusteko.
Urko Apaolaza Avila
“Uda honetan, zorterik badugu, oporrak hartuko ditugu”, halaxe esan digu kaskoa jantzi eta hormigoizko biaduktorantz lanera joan baino lehen. Hernaniko zatian AHT egiten ari diren Encofrados y Puentes Castilla S.L azpikontratako langileak aldarte ezberdinez sumatu ditugu, duela bi hilabete haiekin izan ginenetik hona. Hitz egiteko beldur gutxiagorekin, enpresak zor diena exigitzeko tenorean dira.
Arrazoia? Otsailaren 6an Lan Harremanen Kontseiluan enpresak onartu zuen ez zela betetzen ari Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena, eta egoera bideratzeko konpromisoa hartu zuen ELA sindikatuarekin izandako bileran. Aurretik ARGIAk lan-esplotazio kasuaren berri eman zuen: soldata oso baxuak, gehiegizko ordu-estrak, bidaia luzeak…
Hedabide honek jakin duenez, artikuluak hautsak harrotu ditu abiadura handiko trena eraikitzen ari diren administrazio publiko eta aldi-baterako enpresetan, eta azpikontratarekin zuten harremanean eragina izan du.
Enpresak hasiera batean argudiatu zuen, egoitza soziala Salamancan izanik, hango baldintzetan ari zirela langileak. Baina ELAk aurkeztutako froga eta testigantzen ondorioz atzera egin eta otsailetik aurrera Gipuzkoako hitzarmena ezartzeko “disposizioa” azaldu zuen bileran.
Lan Harremanen Kontseiluan izandako bilerako aktaren zatia.
Irribarrea neurrian, kezka soinean
Goizeko etenunean euri txikia ari du langileekin berriz izan garenean. Beharrerako jaka erreflektanteetan izen bat ageri dute lohiez zipriztindua: Ulma.
Hernaniko zatian Mondragon korporazioko kooperatibarentzat ari dira lanean. Honek, berriz, Ergobia Hiru Lan (Moyua, Balzola eta Azvi) aldi-baterako enpresa edo UTEa hornitzen du zubiak egiteko materialez. Azpikontrataren azpikontrata dira beraz.
Encofrados y Puentes Castillak Gipuzkoan inskribatutako enpresa berri batean eman die alta langileei. Gure begiz ikusi dugu haien soldata %40 inguru igo eta hobekuntza nabarmenak izan dituztela nominan. Irribarrea neurrian ateratzen zaie hori gogoratzean, kezka ere bai baitute soinean.
Antzinatasuna, aparteko pagak, dietak eta orain arte egindako lanagatik edo ordu-estrengatik nagusiak zor diena kobratzea. Hori guztia dute jokoan oraindik. “Gehiago pagatzen digute, baina lehen bezala gaude”, dio haietako batek. “Hor jartzen duena eskatzeagatik ni nabil oker?”, galdetzen du beste batek kontainerrean zelo lodiz itsatsita dagoen paperari begira. Lan Harremanen Kontseiluan izandako bileraren akta da, gerentearen eta abokatuaren sinadurak dituela.
Gipuzkoako hitzarmenak esaten zuenaren erdia baino ez zuten kobratzen langileek.
Sindikatua jarraipena egiten ari da, asteroko ordutegi taulak, nominak eta abar aztertuz; aparteko pagak hainbanatzea nahi du gainera, ez dira fio: “Behin obra amaituta, nola jakingo dugu pagetan zor dietena kobratuko ote duten?”, dio Igor San Jose ELAko kideak.
Hain justu hori da gehien arduratzen dituena momentu honetan: ez litzateke lehen aldia izango enpresa batek obra nahi bezain errentagarria ateratzen ez zaiolako hanka egin eta langileak larrugorritan uztea.
Adunako zatian ere bai
Hernaniko AHTren zubibidea luzea da oso, baina ez dakite eurek dena egingo ote duten, lehenik kontratua berritu behar baita. Esan digutenez, oraingoz bi hilabete eskaserako lana baino ez zaie geratzen: “Oso garbi daukagu: hemengoa amaitzean gurutzea jarriko digute”, diote kaleratzearen mamuarekin etsita.
Euskal Y-aren Zizurkil eta Andoain arteko zatian ere ari da enpresa Ulmaren eskutik, kasu honetan Aduna UTEarentzat (Dragados, Amenabar, Comsa, Leza eta Isolux). Hor ere derrigortu diete Gipuzkoako hitzarmena ezartzera, blog honek azaleratutako Hernaniko esplotazio kasuaren arazoak errepikatu ez daitezen.
Bada denbora bat Adunako obrak martxan jarri eta kofratzaileak inguruan dabiltzala. Baina ez dute esperantza handirik hara bidaliko dituztenik: “Berez, paperak egin genituen hau amaitzean beste obrara joateko, horregatik jende batzuei sinarazi zieten eta beste batzuei ez. Baina guk… horixe gurutzea jarrita daukagula”.
Ergobia Hiru Lan UTEak daramatza Hernaniko AHTren obrak. Berrikitan zubibidea eraikitzen jarraitzeko erresoluzioa eman du Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioi eurotan.
Halakoak saihesteko ELAk langileekin etengabeko harremana dauka eta haien egoera laborala erabat konpontzen ez bada, ez du baztertzen enpresa berriz ere lan-gatazkak bideratzeko PRECO eztabaidagunera deitzea.
Euria erruz ari du orain, langileak badoaz aldamioetara eta gu kontrako norabidean abiatu gara. Pista lokaztuan obra arduradunarekin gurutzatu gara autoz, leihatila jaitsita Igorrek aste honetako ordutegien taula pasatzeko eskatu dio: “Baina nola, berriz?”, erantzun du. “Noski, astero”.