Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Adif-en aurreikuspen akats batek AHTren faktura are gehiago garestituko du
Atalak: AHTren aktualitatea
Euskal Y-aren 11 tunel larrialdi irteerarik gabe eraiki ditu sozietateak, Europako araudi berriak hala agindu arren.
Abiadura Handiko Trenaren proiektuak beste itzulipurdi bat hartu du oraingoan: Adifek gaizki egin ditu AHTren 11 tunel, larrialdi irteerarik gabe eta Europar Batasuneko araudia hautsiz.
Orain, Espainiako trenbide kudeatzaileak onartu du lan horiek egin beharko dituela Euskal Y-a martxan jarriko bada, eta horretarako desjabetze gehiago izango direla tunel horien inguruetan.
Akatsaren berri eman zuen Berria egunkariak 2014an, baina ordukoan Adifek esan zuen zati horiek tramitatzeko unean oraindik ez zegoela europar araudia indarrean eta ez zegoela behartuta larrialdi irteerak egitera.
Jakina zena esan du orain, tunelak zaharkituta geratu direla, baina ez du zehaztu zenbateko kostua izango duten obra horiek; azken zenbatekoa garestituko dutela bistakoa da baina. [Eguneraketa: Albiste hau jakin eta hurren egunean Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du 52 milioi euroko gastua izan dezakeela tuneletan egin beharreko egokitzapenak]
Ikusteko dago ordea Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostutako 2023 urteko balizko data mantenduko ote duten trenbidea amaitutzat emateko edo oraindik gehiago atzeratuko den. Trenbideak 2013an egon behar zuen martxan lehen proiektuaren arabera.
Ebakuazio galeriak
Gaizki egindako 11 tuneletatik zazpi Adifek berak esleitutako Bilbo eta Gasteiz arteko zatietan daude: Udalatx, Induspe, Mendigain, Olabarrie, Ganzelai, Galdakao eta Zaratamo. Eta beste lau Eusko Trenbide Sarearen (ETS) esku zegoen Bergara-Astigarraga ibilbidean: Beasain Ekialdea, Ordizia-Itsasondo, Legorreta eta Tolosa 2- Aldabatxiki.
Gipuzkoako lau zatietan, baina, hainbat ebakuazio galeria ageri dira ETSk hiruhilero egiten duen jarraipen txostenean: Ordizia-Itsasondoko tunelean 304 metroko galeria dago, Legorretakoan 177 metrokoa… Adifek ordea ez du esan zehazki zer lan mota egingo duen tunel bakoitzean, soilik “ebakuazio galeria berriak eta haiei loturiko lanak”.
Europar araudia oso zorrotza da segurtasun eremuak eta haietarako heltzeko sarbideak nolakoak izan behar diren agintzeko orduan.
Ordizia-Itsasondokoa izan zen Gipuzkoan egiten amaitu zen AHTren lehen tunela. Irudian, Iñaki Arriola eta Ernesto Gasco orduko ETSren agintariak.
Hamar urteko atzerapenak tunel horien faktura garestitzea ekarri du hortaz, ez soilik zaharkituta geratu direlako, baita mantenu aldetik ere. Ordizia-Itsasondoko tuneleko larrialdi galerian esaterako, 500.000 euroko konponketa lanak egin beharko ditu Espainiako Gobernuak 2017 hasieran gertatutako luizi batzuen ondorioz.