Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
AHTko lanen auditoria eskatu dute ELAk eta LABek
Atalak: AHTren aktualitatea
Arabako fiskalak Beasaingo zatian iruzur zantzuak ikusi zituela jakin dugu orain.
Ustezko iruzur eta prebarikazio kasuen aurrean, Euskal Y-ko lanak gelditu eta egoera finantzarioaz gain, ingurumenari eta jendarteari egindako kalteak aztertzea nahi dute.
Sindikatu abertzaleen ustez, berrikitan El Diario.es atariak argitaratutako informazioak are gehiago indartzen du euren eskaera. Egunkari madrildarrak azaldu zuen Arabako fiskalak Beasain Ekialdeko AHTren zatiko obrak ikertu zituela iruzur zantzuak ikusi zituelako, eta horretarako Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren laguntza izan zuela.
Nabarmendu dute froga gisa erabilitako grabazioetan “komisioak eta eroskeria” ageri direla adjudikazioak emateagatik: “Euskal jendarteari azalpenak eman beharko dizkete AHTren bultzatzaileek, epaitegietatik libratuko badira ere”, diote sindikatuek. Arabako fiskaltzak kasua Gipuzkoakora igarotzean, honek artxibatu egin zuen.
ELA eta LABek gogorarazi dute duela hilabete batzuk Ekopol unibertsitateko aditu taldeak txostena argitaratu zuela trenbide sare horren inguruan eta ondorioak garbiak izan zirela: “AHTren lanetako gastuek kalte izugarria eragin digute eta aurrerantzean ere hala izaten jarraituko du, ekonomikoki, sozialki eta baita ingurumenari dagokionez ere”.
Obrak gelditu
Obren inguruko auditoria bat premiazkotzat ikusi du euskal gehiengo sindikalak, egora finantzarioa aztertzeaz gain, kalte sozial eta ekologikoak zein diren ere neurtzeko. “Lan hori egin bitartean –gaineratu dute– obrak gelditu behar dira, eta ezin daiteke euro bakar bat ere bideratu lan horietara aurrekontu publikoetatik”.
Azaldu dutenez “ez da batere onargarria” Beasain Ekialdeko zatiaren inguruko kasua artxibatzea, “ustez desbideratu diren diru kopuru horiek urgentziaz behar ditugu herritarrok zerbitzu sozialetarako, osasungintzarako eta hezkuntzarako”.