Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Gipuzkoako obra nagusiak “geldituko” dituela ohartarazi du ELAk, prekarietatearekin amaitzen ez bada
Atalak: AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea
Gipuzkoako eraikuntza arloko ELAko kideek Donostian ostegunean egin duten agerraldia (arg: ELA)
Eraikuntzaren arloan, Gipuzkoan egoera jasanezina bizi dutela azaldu du sindikatuak, AHT, erraustegia, Anoeta eta beste obra askotan azpikontratazioa eta prekarietatea nagusi direlako. Mobilizazioak azkartuko dituztela iragarri dute.
Lan baldintza kaskarrek, iruzurrek eta istripuek gaina hartu dute Gipuzkoako eraikuntzan, ELAren esanetan. Lurralde Hitzarmenaren erdia ere ez dute kobratzen langileek askotan, eta lanaldiak “gehiegizkoak” direla salatu dute. Obra nagusietako adibidea jarri dute egoera zein den deskribatzeko: Donostiako Txomin inguruko etxebizitzak, Deskarga, AHT, Anoeta eta Zubietako erraustegia, besteak beste.
Horietan, beharginek 5 eta 9 euro artean kobratu ohi dute eta 10 eta 12 orduko lanaldiak izaten dituzte, Igor San Jose eta Luis Fernandez ELAko arduradunen hitzetan: “Langileek lanean neke handiak hartu eta batzuetan bizia ere galtzen dute”. Sindikatu abertzalearen arabera hitzarmena errespetatuko balitz 5.000 lanpostu sortuko lirateke Gipuzkoan eraikuntzaren arloan.
ELAk gogor kritikatu ditu Adegi eta Ascongi patronalak: “Beldurraz eta xantaiaz baliatzen dira beharginak esplotatzen segitzeko”, eta administrazioari leporatzen diote “asmo txarreko” axolagabekeriaz aritzea: “Obrak esleitzerakoan jakin badakite enpresa horiek den-dena azpikontratatuko dutela, iruzurrezko baldintza prekariotan”.
“Ez dugu baztertzen obrak geldiaraztea”
ELAk mobilizazioak azkartuko dituela iragarri du eta bilerak eskatuko ditu Donostiko Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin, baita lan-ikuskaritzarekin ere. Bestaldetik, esplotazio kasuetan nahasturiko enpresa guztiak Lan Harremanen Kontseilura eraman nahi ditu han azalpenak eman ditzaten.
Lan-baldintzek berdin jarraituz gero, San Josek azaldu du neurri gogorragoak hartuko dituztela, eta ez dute baztertzen obrak “geldiraztea”. Horretarako asanblada eta bilera prozesu bati ekingo diote, greba egiteko aukerak eta bestelako borroka motak zein izan daitezkeen aztertzeko. “Argi dugun gauza bakarra da ez garela geldituko gure helburua lortu arte”, ziurtatu dute.