Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
AHT eraikitzeko 500 milioi gehiago aurreratuko ditu Eusko Jaurlaritzak
Atalak: AHTren aktualitatea
Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburua, Jaurlaritzak AHTko zati gehiago egingo dituela iragartzeko unean, Donostian (arg.: Irekia)
EAEko administrazioak beregain hartu ditu Gipuzkoako zatiko obra gehiago, tartean Adifek gaizki egindako hainbat tunel berritzea. Ondoren, onartu berri den kupotik kenduko dute diru hori.
Eusko Jaurlaritza prest dago diru gehiago jartzeko Euskal Y-ko obrek abiada gal ez dezaten. Iñigo Urkulluren gobernuak estrategikotzat dauka proiektua eta kupotik tirako du, eraikuntza enpresek 500 milioi euroren truke obra zibil handiarekin segi dezaten. Joan den maiatzean EAJk Madrilen PPren aurrekontuak onartzearen ordaina litzateke beste urrats hau.
Mariano Rajoyren exekutiboarekin adostutakoari jarraiki, astearte goizeko Gobernu Bileran onartu du Jaurlaritzak AHT eraikitzeko hitzarmena aldatzea –2006an Zapatero Espainiako presidente zenean sinatua–. Ostiralean Espainiako Ministroen Kontseiluak gauza bera egingo du.
Jaurlaritzak dirua aurreratu eta lanak esleituko dizkie eraikuntza enpresei; ondorioz Madrili lauhileko bakoitzeko entregatzen dion kupoaren maletinean ez du hainbeste jarri beharko, lehenago jarri duelako noski. “Kupoak aldebakarreko arriskuak ditu, baina ondo kudeatuz gero horrelako gauzak egiteko ahalmena ematen digu”, esan du Arantxa Tapia Azpiegituretako sailburuak Donostiako Loiola auzoko geltokira egindako bisitan.
Astigarraga eta Lezo arteko AHT zatia izango da gehien kostako dena (356,6 milioi euro, BEZa barne). Horrez gain, Donostiako geltokia (90 milioi euro), Ezkioko geltokia (4,10 milioi) eta Astigarragako “apeaderoa” (4,70 milioi) ordainduko ditu euskal administrazioak foru ogasunek bildutako diruarekin.
Akatsak eta ezustekoak estaltzeko akordioa
Akatsek eta ezustekoek eragindako kalte ekonomikoak ere estali nahi dituzte akordio honekin. Adifek eraikitako hainbat tuneletan berriz ere obrak egin beharko dituzte Europako araudia kontuan ez edukitzeagatik, larrialdi irteerarik gabe daudelako. Gipuzkoako tunelak berritzea 14,18 milioi euro kostako zaio zergadunari.
Horrez gain, mendi mazeletan eta hainbat iturburutan obrek eragindako kalteak “berrezarri” behar direla dio Gobernu Bileraren oharrak, eta horretarako 1,72 milioi euro beharko dira.
Abiadura Handiko Trenak lurpeko ur ondarean egiten ari den kalte itzulezina askotan salatu dute talde ekologista eta adituek. Ez da lehen aldia iturburuak sikatu eta administrazioak “konponketak” egin behar izan dituena. Esaterako, Tolosaldean eta Zizurkil-Andoain zatian baserri ugaritan mendiko urik gabe geratu ziren eta kanalizazio edo hornikuntza lanak egin behar izan zituzten irtenbide gisa.