Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Gipuzkoako batzarkideei ‘Zuloan’ liburua helarazi diete, eraikuntzako lan baldintzen berri izan dezaten
Atalak: AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea
Batzordeko talde politikoei ‘Zuloan’ liburuaren ale bana eman diete. Irudian, PPko ordezkaria liburua ondoan duela.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ekonomia Sustapeneko batzordean ELAko kideek azalpenak eman dituzte lurralde horretako eraikuntzan langileen jasaten dituzten lan baldintzen inguruan. Abiadura handiko Trena ere jarri du mahai gainean Igor San Jose sindikatuko ordezkariak eta batzordeko talde politikoei Zuloan liburuaren ale bana eman die.
ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz fundazioak argitaraturiko liburuan AHTko lan prekarietatearen kronika eta testigantzak irakur daitezke. San Josek batzarkideei azaldu dienez “dokumentazio ugari” erabili da liburua osatzeko: “Zenbait politikarik esan izan dute ELAk dioena gezurra dela, baina demostraturik geratu da, ebazpenez ebazpen, gure salaketak egiazkoak direla”.
Liburuan agertzen diren hainbat kasuren berri ere eman du sindikalistak. Hala lau urtez oporrik izan ez duten langileen kasua edo gauez bidaia luzeak egiten dituzten azpikontrata bateko beharginena aipatu ditu.
Zuloan liburua erosteko aukera dago 14 euroren truke internetez ARGIAren azokan edo ohiko liburu-dendetan.
Testigantza eman zuten langileek epaiketa irabazi dute
Horrez gain, ELAko kideak jakinarazi du beste epaiketa bat irabazi berri dutela. Duela hilabete batzuk ARGIAko erreportaje batean euren testigantza eman eta gero AHTko langile batzuek langabezia itzultzeko abisua jaso zuten Gizarte Segurantzatik. Enpresari zor ziena erreklamatu diote eta honek arrazoia eman eta ordaindu egin die azkenean, San Josek esan duenez.