Zure testigantza
Azken bidalketak
- Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
- ‘Zuloan’ liburuaren ondorioak azaltzeko hitzaldi zikloa abiatuko dugu martxoan
- Eraikuntza arloko “inpunitate zirkuluarekin” amaitzea eskatu du ELAk Legebiltzarrean
- Igor San Jose (ELA): “AHT izan edo erraustegia izan, eraikuntza enpresek beti irabaziko dute zigor handi bat jarri ezean”
- “Eraikuntza enpresa handiek, azpikontratak erabiliz, plantillak argaldu eta negozio ildoak loditu dituzte “
Eraikuntzako lan baldintzak bertatik bertara ezagutu dituzte Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek
Atalak: AHTren aktualitatea, Tuneleko jendea
Gipuzkoako hainbat obra esanguratsutako errealitate laborala euren begiz ikusi ahal izan dute Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek. Zubietako erraustegia, Anoetako estadioa eta abiadura handiko treneko obretan barrena ibili dira astelehenean Igor San Jose ELAko Gipuzkoako eraikuntza arduradunaren laguntzaz. Iker Casanova parlamentariak Twitterreko hari batean idatzi duenez “bidaia atsekabegarria izan da XIX. mendeko lan baldintzetara”.
Otsailaren 26an ELA sindikatua Eusko Legebiltzarrean izan zen, ARGIAk eta Manu Robles Arangizek AHTko lan baldintzez kaleratu duten Zuloan liburua aurkeztu eta obretan gertatzen dena azaltzeko. Horrekin batera gonbidapena luzatu zieten legebiltzarkideei errealitate hori bertatik bertara ezagutzeko. EH Bilduko ordezkariak izan dira lokatza zapaltzen lehenak, baina sindikatuak adierazi duenez prest dago gainerako eraikuntza publikoko prekarietatea beste taldeei ere erakusteko.
Iker Casanova EH Bilduko parlamentaria Zubietako erraustegiko obretara sartzeko unean (arg: ELA)
Obretara egindako bisitan, Zuloan liburuan irakur dezakegun kronikaren egoera antzekoak ikusi ahal izan dituzte, hala nola ordua 8 euro baino kobratzen ez duten langileak, opor edo dietarik gabeko jardunak, ordu-estra metatze izugarriak, atzerritarrek gauez egindako bidaia luzeak, 10 edo 12 orduko lanegunak, tajoetako baldintza gogorrak, beldurra… “Etxolan beharginek burua jaisten dute, eta ez dute begirada plateretik kentzen inpotentziaz. Lanpostua galtzeko beldur dira. Novecentotik edo Zolaren liburu batetik ateratako eszena dirudi”.
Azpikontraten eta ikuskaritzaren jokabidea agerian uzten duen dokumentazioa ere ikuskatu ahal izan dute bestalde, eraikuntzako lan hitzarmena behin eta berriz urratzen dela frogatuz: “Hiru obra hauetan egoera hainbesteraino larriagotu da ‘lan esplotazioa eta iruzurra’ baitira eguneroko ogia hoberen islatzen duten terminoak”, dio ELAk bisita baloratzeko orduan.
EH Bilduk jakinarazi dut “errealitate lotsagarri honengatik” erantzukizunak eskatuko dituela.