Rohingya herriko ia milioi erdi lagunek ihes egin dute Myanmarretik (lehengo Birmania) Bangladeshera. Myanmarreko Gobernuko iturriek berriki aitortu dute rohingyen herrien %40 hustu direla armadaren bortizkeriatik ihesi. NBEko Giza Eskubideen goi komisario Zeid Ra’ad Al Husseinek adierazi du “ageriko garbiketa etnikoa dela”. Myanmarreko estatu kontseilari eta Bakearen Nobel saridun Aung San Suu Kyik larritasuna kendu dio gertatutakoari, hanka egin ez duten rohingyen beste milioi erdia gizartean integratuta dagoela esanez. 1982an Birmaniako diktadurak herritartasuna ukatu zien eta, 30 urteren ostean, beren kultura eta sinesmenen –musulmanak dira budisten estatu batean– araberako bazterketak okerrera baino ez du egin. Irudian: Myanmarretik txalupaz ihes egin ostean, hainbat errefuxiatu rohingya Bangladesh hegoaldeko kostaldera heldu diren unea.
Argazkia: Olmo Calvo
Testua: Axier Lopez