Multimedia elementuak oinarri eta aitzaki izango dituen blog berri(tu) honi hasiera emateko, asteazken honetan Zumaian antolatu genuen hitzaldian entzun eta hausnartutakoa baliatuko dugu.
Goiko bideoan Oier Araolaza antropologo eta dantzari eibartarra duzue. Sarean zabiltzaten askok ezagutuko duzue Dantzan.com webgunearen kudeatzailea izateagatik. Hitzaldian Euskal Herriko neguko festak izan genituen hizpide; jai hauen jatorria eta urteen poderioz izan dituzten aldaeren arrazoiak. Arlo honetan adituak edo zaleak direnentzat kontu jakinak izan badaitezke ere, han bildu ginen gehienoi zinez interesgarriak iruditu zitzaizkigun entzundakoak. Hona hitzaldian gehienontzat deigarrien egindako hiru ideia:
Mozorrotzea ez da disfrazatzea.
Hiztegian begiratuz gero sinonimo bezala azaltzen badira ere, egiazko esangura bestelakoa da. Eta oinarria zera da, disfrazatzen garenean gure itxura eta nortasuna ez ditugu ezkutatzen, ez ditugu ordezkatzen. Inauterietan pirataz, Nikoe Etxartez edo atez ateko zintzilikarioaz disfrazatzen garenean zein garen ez dugu ezkutatzen. Beste era batez agertzen gara.
Mozorrotzea, aldiz, gu garena alboratu eta beste zer edo zer bilakatzea, irudikatzea da. Horrexegatik ez da kasualitatea oraindik bizirik dirauten Euskal Herriko zein Europa mendebaldeko inauteri askotan aurpegia estali edo beltzez margotzea. Zenbait lekutan, gure berezko usainari ere “uko egiten” zaio, kirats handiko animalien larruak jantzita, adibidez.
Eusko labeldun Haloween.
Halloween, Europatik irlandarrek Amerikako Estatu Batuetara eraman eta multinazionalek Europara bueltan deskafeinatutik ekarri diguten jaia: All hallow’s evening esaldian du jatorria. Itzulpen zuzena eginda, “arima guztien gaua” esango genuke euskaraz. Eta hain zuzen ere, Euskal Herriko herri askotan, orain 40-50 urtera arte, izen horrekin, Arimen Gaua, ospatzen zen jaieguna zen. Ikur nagusia Hollywoodi esker denok ezagutzen dugunaren antzekoa: barruan argizaria duten hustutako (eta ostutako) kalabazak edota arbiak. Hitzaldian, zumaiar askoren harridurarako, entzule batek aipatu zigun Zumaian egun horretan gazteek barruan kandela sartutako arbiak etxe atarietan uzteko ohitura zegoela.
Bizitzaren paradoxak. Industria zinematografiko yankiak ekarri du bueltan, gure aiton-amonek berezko zuten eguna.
Olentzero ez dira gurasoak. Olentzero Ikastolen Elkartea da.
Ba bai. Blog hau irakurtzen ari zaren ume horrek jakin ezazu abenduaren 25eko goizean egongelan topatzen dituzun opariak Ikastolen Elkarteari zor dizkiozula gehienbat. Errege Magoen ikur erdaldunei aurre egiteko Olentzeroren berezko eredu (edo ereduak) aldatu eta Euskal Herri osoan zehar eredu berri hori zabaltzen aritu ziren. Ordura arte Olenzaro, Olenzaro, Onentzaro, Olantzaro, Orantzaroa, Onenzaro edota Gometzago herrian zehar eskean ibiltzeko aitzakia zenak orduan opariak ekartzen hasi zen. Coca Colak Santa Clausekin egin bezala.
Ondoren kapitalismoak duen desitxuratze eta uniformizazio gaitasun izugarriaren eraginez, hasierako Olentzero zikin, mozkorti, zakar, erretzaile eta zenbait lekutan umeentzako beldurgarria, alboko argazkiko aiton hori bilakatu dute. ETB lagun, jakina.
Olentzerorekin gertatu dena oso adierazgarria izan da gure kulturaren mito eta iruditeria nola moldatu diren ulertzeko. Oraindik orain garatzen ari den, bizirik dagoen etengabeko moldaketa batean murgilduta dago eta horren erakusgarri dugu Maridomingiren agerpena. Gure gizartearen kontradikzioak, hemen ere, islatzen dira. Izan ere zerotik asmaturiko izaki honen agerpena genero ikuspegiaren izenean gertatu da. “Gizon bat dagoen lekuan, emakumea alboan” parekidetasunaren kontzeptu murritzari esker, egun umeek aukera dezakete zein duten nahiago.
Eztabaida interesgarri honi tiraka, Araolazak niretzat ezezaguna zen oso datu interesgarria bota zuen: “Zenbait herritan Olentzeroak ez du generoa markatua izan”. Batzuetan generoa asmatzeko aukerarik ematen ez zuten tankera eta hazpegi zehatzik gabeko panpinak zirelako. Eta beste zenbait lekutan, batzuetan Olentzeroa arra bazen ere, beste batzuetan emea zelako, Leitzan gertatzen zen moduan.
Hau bezalako kasu askotan Olentzero aro bati dagokion gertaera bat da, ez pertsonaia jakin eta molde zehatz bati lotua. Etxez etxe, baserriz baserri eskean ateratzeko garaia baita harremanak estutzeko, herriko belaunaldien arteko loturak sendotzeko garaia ere. Are gehiago esan genezake, egun Euskaltzaindiak kontrakoa bultzatzen badu ere, zentzurik al du generoa ezberdintzeko joera nabaria ez duen hizkuntza bat izanik?
Baina lasaitu gaitezen. Bloga estreinatu berritan, ur sakonetan ez gara sartuko eta gaur arratsaldean “Horra, horra, trans-olentzeroa!” abesten urte amaieraren etorrera ospatuko dugu.
4 Iruzkin
Aupa Axier! Potente hasi haiz berriz ere blogarekin, e? Pozten gaituk hemen ikusteaz eta jarraituko haugu! Post hau oso interesgarria. Eutsi goiari!
Oier Araolazaren hitzaldiaren hiru ideia horiei buruz honakoa erantsiko nuke: –Orantzaroa Leitzan eta inguruan aro bati dagokion eguzki berritze festa da eta suaren inguruan ospatu izan da egundaino sua handia eginez etxe barnean egunetan iraun zezen eta baita baserri atarietan kanpoan su egin eta auzoko guziek salto eginez haren gainetik.
– Kalabaza dela eta, Orantzaroarekin berarekin lotzen da Leitzan eta baserri inguruan ohitura zegoen batetik kalabazak jartzekoa bide bazterretan eta baserri-bideetan Orantzaro egunean bereziki; gainera, orantzaro panpinen burua kalabazarekin egiten zen askotan barnean kandela piztuta.
Orantzaro begigorri! Zergatik ote?
Leitzako kultur taldeak informazioa biltzen eta argitaratzen ari da webgunearen bidez: leitzakultura.net helbidean.
Bidenabar, oso interesgarria da gure kultura eta jakinduria jasotzea, zabaltzea eta berritzea…
[…] ibiltzeaz gain, ondoren hitzaldiaren kronika egin zuen Argian estreinatu berri zuen blogean: Horra, horra, trans-olentzeroa! Eta Gorka Zabaletak erreportajea egin zuen Baleike aldizkarirako.Zabaleta hitzaldira etorri eta […]
[…] Horra, horra, trans-olentzeroa! (Axier Lopez) […]