Palestinan bide diplomatikoaren porrota berretsi du Israelen azken oldarraldiak

Ehunka zauritu, dozenaka hildako, mila atxilotu baino gehiago, labankadak eta istiluak, kontrolik gabeko kolonoen erasoak, Israelgo eskuin muturraren goraldia… Palestinako presidente Mahmoud Abbasen eta Fatah alderdiaren bide diplomatikoa kale itsuan dagoela berretsi dute azken bi asteetako gertakariek.
Datuen gordina
Urriaren hasieratik 400 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Israelgo Poliziak. Palestinako Preso politikoen antolakundeak salatu du atxilotutakoen erdia 14 eta 20 urte arteko gazteak direla. Atxiloketa horiek Jerusalemgo Ekialdean eta Zisjordanian egin dituzte, baita Palestinako Aginte Nazionalaren kontrolpean dagoen A zonaldean ere.
Pasa den larunbatean soilik 174 palestinarri egin diote tiro eta 25 hil dituzte, Palestinako Ilargi Gorriaren arabera. Israelgo indar armatuek Palestinako Lurralde Okupatuetan 1.000 lagun baino gehitu zauritu dituzte, Ma’an berri agentziaren datuen arabera.
Gazari, Israelgo armadak lurrez kontrolpean ez duen eremua, airez eraso egin diote, ohi duten gisan. Igandeko azken erasoan bonba israeldarrek haurdun zegoen Nour Rasmi Hassan eta bi urteko alaba hil dituzte Rafah-n. Hildako alaba besoetan duela, Yahya Hassan-en samina erakusten duten irudi hauek munduko txoko askotako albistegietan ikusi ditugu:
Larunbatean 13 urteko Marwan Barbakh eta 15 urteko Khalil Othman gazatarrak hil zituzten Israelgo frankotiratzaileek, Gaza mugaldeko harresitik gertu –Khan Younis herrian–. Ostiralean, Zisjordanian hildako palestinarrekin elkartasunez protestan ari ziren beste sei palestinar hil zituzten tiroz Gazako eremu berean. Israelgo Gobernuak hilketa horien errua Hamasi egotzi dio.
Palestinarren itxaropen sastatua
Horren adibide ditugu azken egunetan hainbat palestinarrek, labana eskuan, egin dituzten erasoak. Azkena Haderan gertatu da. Israelgo nazionalitatea duen palestinar batek 4 israeldar labanaz zauritu ditu kale erdian.
Labainkaden ugaltzeak tentsioa handitu eta palestinar itxura duen ororekiko mesfidantza sortu du Israelen. Horren adibide garbia Afulako (Nazaret herritik gertu) bus geltokian ikusi dugu. Nazionalitate israeldarra duen 30 urteko Asraa Zidan Tawfik Abed palestinarra, eskuan labana zuela, tirokatu zuen Poliziak, segurtasun zaindari bat sastatu izanaren susmopean. Hilketaren bideoa sua bezala barreiatu da sarean, zalantzaren aurrean Israelgo poliziek, kolonoek eta segurtasun indarrek tiro egiteko duten erraztasunaren erakusgarri:
Aipatzekoa da labanaz egindako eraso hauen egileek ez dutela lotura zuzenik Palestinako inolako alderdi edo mugimendu politikorekin. Hau da, desesperazioak edo suminak eragindakoak izan direla eta ez inoren agindua. Ia kasu guztietan heriotza izan da erasotzaileen patua, beraz ekintza suizidatzat hartu dute askok. Horregatik hain zuzen, Israelgo Inteligentzia zerbitzuak –bestelako erasoen egileak atzematen oso “eraginkorrak” direnak– ez dira gai izan horiek galarazten. Palestinako Aginte Nazionalaren saiakera diplomatikoen ezinak, nazioarteko komunitatearen konplizitateak eta pasibotasunak eta Israelgo Gobernuak palestinarren apartheid neurriak urtetik urtera gogortzen jarraitzeak… etsipenaren bide arriskutsuari ateak ireki dizkiote.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude