Joe Biden: “Sionista naiz, ez duzu judua izan beharrik sionista izateko”

Axier Lopez
0

2007n Shalom TV kateari emandako elkarrizketa batean zuzen eta argi mintzo zen egungo AEBetako lehendakari berria: “I am a zionist, you don’t have to be a jude to be a zionist”.

Bidenek sionismoarekin duen harremana ez da atzo goizekoa. Jarraian adibide batzuk jasoko ditugu.

Biden Delawareko senatari zela, 1984ko urteroko konferentzian “Herut Zionists of America” urteroko kongresuan parte hartu zuela gogorarazi dute egunotan Palestinaren aldeko ekintzaile eta erakunde batzuek. Herut Israelgo Likud eskuin muturreko alderdiaren aitzindaria da.

2014an abenduaren 6an , israeldarren alde ondoko adierazpen zuzenak egin zituen, lehendakariorde zela, Washingtoneko Brookings erakundeak antolatutako foro batean: “Israelik ez balego, asmatu beharko genuke”.

2015ean, hauxe izan bere ekarpena: “Joe Biden dut izena, eta mundu guztiak daki Israel maite dudala”. 2015eko apirilean Jerusalemen ospatutako Israelen Independentzia Egunaren 67. urteroko ospakizuneko hitzaldian esandakoa da.

Azken adibide bat, 2020ko martxoan, AIPAC Israelen aldeko taldearen aurrean hitzaldi sutsua egin zuen Bidenek. “Israeldarrak goizero esnatzen dira, Gazako suzirien mehatxu existentzialari aurre eginez… Horregatik beti irmo esan dut Israelek bere burua defendatzeko gai izan behar duela. Kontu kritikoa da Israelgo segurtasunarentzat, baita AEBen segurtasunerako ere. Palestinarrek behin betiko onartu behar dute Ekialde Hurbilean estatu judu demokratiko eta segurua izateko Israelek duen eskubidea, gaur egun errealitatea dena”.

Obamaren lehendakariordea zela (2009-2017), askok azpimarratu zuen Israelekiko haren atxikimendu eta defentsa irmoa, nazioarteari begira Obamak betetzen zuen “aurpegi atseginak” erakutsi ezin zuen profila betetzeko. Lehendakariordea zela, eta Obamak Bakearen Nobel Saria irabazi baino lehen, Ekialde Ertaineko egoera hankaz gora jarri, Siria bonbardatu, Libia suntsitu eta Hondurasen estatu kolpe bat sustatu zuten, besteak beste. Hori kontuan hartu gabe Obama-Biden bikoteak deportazioen eta drone bitartezko heriotza kopuruen errekorra duela AEBetako presidente guztien artean.

Aurreko guztia iragana da, orain Biden eta bere profident irribarrea dira AEBetako presidenteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA