Jatorrizko herrien bandera salgai

Axier Lopez
0

Australiako Gobernuak pasa den astean iragarri du jatorrizko herriak ordezkatzen dituen banderaren eskubideak eskuratu dituela. Gezurra dirudien arren, bandera horrek copyright-a zuen, baina hemendik aurrera publikoki doan erabili ahal izango dute, Harold Thomas sortzailearekin tirabira komertziala amaitu ondoren. Australiako Gobernuak 12 milioi eta erdi euro ordaindu ditu banderaren eskubideen truke.

Thomasek ikurra sortu zuen 1971ko Aborigenen Egunaren aldeko manifestazioan erabiltzeko. Ordutik, herri indigena guztien batasun eta harrotasun ikur bihurtu da. Halere, jatorrizko herritarrek ere ordaindu behar izan dute bandera arropa eta produktuetan erabiltzeko. Joan den astera arte.

Jatorrizko herrien presioaren eta kiroletan hainbat kasu polemikoren ondoren hartu du erabakia gobernuak. Adibidez, Australiako Futbol Ligak bandera erakusteagatik ordaintzeari uko egin zion. “Gure herriaren biziraupenaren sinboloa da. Gutako asko ez gara Australiako banderarekin identifikatzen, guretzat kolonizazioa eta inbasioa irudikatzen dituelako”, adierazi dute bandera askatzeko lanean ari zen Free the Flag taldeko kideek.

Australiako indigenek oro har pozik hartu dute aldaketa, baina batek baino gehiagok kezka adierazi du marketina ez ote den galdetuta. Australiako Egun Nazionala ospatu baino 24 ordu lehenago iragarri du neurria gobernuak.

Urtarrilaren 26a “australiar guztien eguna” da; 1788ko egun horretan preso britainiarrez jositako lehen itsasontziak Australiara iritsi eta ezarri zuten lehen kolonia oroitzen dute. Hori dela eta, ekintzaile indigenek inbasioaren eguntzat hartzen dute, eta ospatzeko ezer ez dagoela diote, kolonizatzaile europarren aurkako erresistentziatik harago.

James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua gorriz margotu dute Australiako Egun Nazionalean.

Aurten ere manifestazioak izan dira herrialdean barna. Canberra hiriburuan parlamentu aurrean Egun Nazionala behin betiko bertan behera uzteko eskatu zuten. Melbournen, James Cook kolonizatzaile ingelesaren estatua bat gorriz margotu zuten. “Australiaren Eguna abolitu”, zioten kartelek.

Presioak eraginda, azken urteotan Australiako Gobernua keinu asko ari da egiten. Adibidez, 2008an jatorrizko herriei ofizialki barkamena eskatu zien “egindako guztiagatik”; 2020an ereserki nazionalaren letra aldatu zuen “inklusiboagoa” izan zedin; eta iaz kalte ordainak ordaindu zizkien lapurtutako umeen ondorengoei –1910 eta 1970 artean 100.000 adingabe indigena inguru bahitu zituen Australiako Estatuak, familia zuriei emateko edo “hezkuntzaren bitartez zibilizatzeko”–. Keinu garrantzitsuak dira, baina ez dute funtsezkoa eraldatu: Australiako jatorrizko herriak prekarietatearen eta bazterketaren sinonimo dira, baita gaur egun ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA