Kasta babestu dutenen porrota Portugalen

Axier Lopez
0
Lehen ministro Antonio Costa hauteskundeetako emaitzen ostean. Argazkia: EFE

Alderdi sozialista batek, duela urte gutxi batzuek Europan erdi hiltzat jotzen zuten horietako batek, gehiengo osoa lortu du hauteskundeetan.

Portugalgo Antonio Costa sozialistaren gobernuak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen, 2022ko aurrekontuak onartzeko babes nahikorik lortu ez zuelako. Sozialistek aurrekontu horiek negoziatzeari uko egin zioten, eta hala, bazkideen aurkako botoa jaso zuen, Blocorena –Podemos moduko alderdien bilgune bat– eta alderdi komunistarena. Costak gutxiengoan gobernatu du orain arte, ezkerreko indar horien arteko akordio bati esker.

Baina formula hori amaitu egin da, eta barne borrokan irabazlea ‘txakurrik zaharrena’ da. Alderdi sozialistaren ezkerrera dauden ezkerrek, pandemia eta inflazioen erdian, egoera ezegonkortu izanaren erantzuletzat jota, kostua jan dute iritzi publikoaren aurrean. Gainera, inkestek ezkerren eta eskuinen arteko berdinketa teknikoa iragarri zutenez, “boto erabilgarriak” bere magia egin du beste behin: eskuin muturra lagun hartuta atzerakoiak boterera itzultzeko beldurrez, Blocoko eta Alderdi Komunistako (PCP) boto-emaile askok listua irentsi, pragmatismoa besarkatu eta PSri babesa ematea erabaki dute.

Bloco 19 ordezkaritik 5era jaitsi da, eta Alderdi Komunista, CDU alderdiko berdeekin batera, 12 parlamentaritik 6ra jaitsi da. Sozialistek bost puntu egin dute gora (%36,3tik %41,7ra), gehiengo osoa lortuta. Eta gainetik, hauxe: ezkerra jaisten denean, nor igotzen da? Bada, bai, Chega alderdi ultraeskuindarrak bultzada nabarmena jaso du eta hirugarren indar politikoa izatera pasa da diputatu bat izatetik ordezkaritza hamarrera handituta. Oposizioaren buru Rui Rio eskuindarrak adierazi zuen, bera bigarren postuan geratuz gero (hala izan da), bere alderdiak utziko liekeela sozialistei bakarrik gobernatzen, “ezkerreko fronte bat saihesteko”. Arerioak bai, baina kastako kide ere bai, hemen eta han eskuinarentzat alderdi sozialista “gaitz txikia” da.

Hego Euskal Herrian ezaguna zaigu musika hori. Portugalen gertatutakoa ispilu on bezain gordina da Espainiako neorreformismoarentzat. Azken inkesten arabera, Unidas Podemos etengabe ari da beheraka, eta VOX puztu. Bide batez, Espainian lan-erreforma berria estreinatu dutenez, “ezkerreko gobernuak” Ciudadanos eta (kasik) UPN makulu hartuta; bada, 2019ko uztailean, Costak lan-erreforma atzerakoia adostu zuen parlamentuko eskuinarekin, 2011tik 2014ra egindako aldaketei eutsi zien –kaleratzeak merkatzea tarteko– troikak Portugal “erreskatatzeko” herrialdeak egin beharreko “esfortzuen” ondorio gisa.

Hau da, beste behin ere, ezker instituzionalak porrot egin du bere planteamenduan: eskuina boterera iristea galarazteko, neoliberalismoarekin maite-jolasean dabilen gobernu bat ahalbidetu dute, parlamentutik berau baldintzatzen saiatuz, baina kalean mobilizaziorik eta presio sozialik egin gabe. Arrakastarik gabe.

Zeinen fite pasa garen “mugimendu sozialak zerua irabaztera doaz neoliberalismoaren aurka” horretatik “kontuz, kontuz, badatoz eskuin muturrak” esatera. Alderdi sozialistaren ezkerrean dagoen ezker instituzionalak Portugaldik ere apunteak hartu beharko lituzke, “eskuina boterera hel ez dadin” PSOEren agintea ahalbidetzen duten horiek –Podemos, ERC, EH Bildu, BNG eta enparauak–.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA