Europar Batasunak arrazakeria finantzatzen du

Axier Lopez
0
Hainbat lagun migratzaile, Libia eta Tunisia arteko mugatik gertu 2023ko uztailean. Anado-lu Agency.

Hainbat komunikabidek, The Washington Post, Le Monde eta Der Spiegelek tartean, Lighthouse Reports taldeak koordinatutako ikerketa argitaratu dute. Bertan frogatu dutenez, Marokoko, Tunisiako eta Mauritaniako poliziek eta militarrek azal kolorearen araberako sarekadak egiten dituzte, ustez migratzaileak edo errefuxiatuak diren pertsona beltzak atxilotu eta herrialdetik kanpo indarrez bidaltzen dituzte. Urtero milaka pertsonak sufritzen dituzte praktika horiek. Arrazakeria masiboaz ari gara.

Atxilotu ondoren, ondasun guztiak konfiskatzen dizkiete, identifikazio-paperak barne. Gero, migratzaileentzako atxiloketa-gune berezietan sarrarazten dituzte. Leku horiek aspaldi dira ezagunak dituzten baldintza kaskarrengatik. Geroago, urrutiko zonaldeetara eramaten dituzte, batzuetan basamortura (Sahara kasu), urik, mugikorrik eta dirurik gabe.

Beatriz Ramalho da Silva kazetaria ikerketaren egileetako bat da, eta Radio France internationale irrati-kateko elkarrizketa batean azpimarratu duenez, hainbat filmazio, elkarrizketa zein dokumentazioren bidez egiaztatu dute atxilotutako pertsonen artean haurrak ere badaudela, eta gerran dauden zonaldeetara ere eramaten dituztela, hala nola Mauritania eta Mali arteko mugara, edo Tunisia eta Libia arteko basamortura.

Esan beharrik ez dago praktika horiek goitik behera urratzen dutela giza eskubideei buruzko nazioarteko itun guztiek agintzen dutena, argi eta garbi. Eta halere, ikerketak erakutsi duenez, praktika anker horiek finantzatzen dituztenak dira giza eskubideen defendatzaile gisa agertzen diren Mendebaldeko herrialdeak beraiek. Zehazkiago, sarekada arrazistak Europako diruari “esker” egiten dituzte, hein handi batean. Ikerketan parte hartu duten erakundeek salatu dute “Europar Batasunak emandako ibilgailuak, teknologia eta entrenamendua” erabiltzen ari direla. Urtebeteko ikerketa prozesuan, lizitazioak, kontratuak, akordioak eta bestelako frogak bildu dituzte kazetariek, EBren finantzaketa zuzenean lotzen dutenak legez kanpoko jarduera horiekin. Baina salatu dutenez, egoera are ankerragoa da, EBko arduradunek badutelako europar diruari ematen dioten erabileraren berri. “Urteak dira EBk dakiela hori gertatzen ari dela, eta, halere, funtsak ematen jarraitzen du”, deitoratu du Ramalho da Silvak. “Dokumentu konfidentzialak dauzkagu. Horietako bat, adibidez, Europako Batzordekoa da. Bertan Marokoko praktika horiek deskribatzen ditu, eta dokumentu berean ‘migrazioa kudeatzeko’ beste diru-partida bat onartzen dute”.

“Pertsonen larruazalaren kolorean oinarrituta egiten dira atxiloketak. Kalean bizitza normala egiten daudela, okindegi baten ilaran edo, atxilotzen dituzte, praktika erabat arbitrarioa da eta guztiz sistematikoa”, dio Ramalho da Silva ikertzaileak.

Europar Batasunak lankidetza-akordioak sinatu ditu Maroko, Tunisia eta Mauritaniarekin, Europara datorren “migrazio irregularra geldiarazteko”. Hala, 150 milioi euro bideratu ditu Tunisiara, 210 milioi Mauritaniara eta 624 milioi Marokora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA