Kolpekariak huts egin zuenekoa

Axier Lopez
0

DPS alderdiak larunbat honetan Sofian egindako kongresukoak dira film batetik hartuak diruditen irudiak hauek. Atrilaren atzean, segundo batean bizitza osoa betaurrekoetan islatuta ikusi duen gizona Ahmed Dogan Demir da,  Bulgariako DPSko (Askatasun eta Eskubideen aldeko Mugimendua) presidentea. DPS Bulgarian bizi diren turkiar jatorriko herritarren inguruan sortutako alderdi liberala da.

Gisa honetan utzi zioten aurpegia 25 urteko gazteari DPS alderdiko segurtasuneko kideek.

007 filmaren serie Bko bertsio honen aktore nagusia Oktai Enimehmedov dugu, 25 urteko turkiar jatorriko bulgariarra. Dogan politikariaren buruaren parean paratutako su pistolak txikia dirudien arrean, ondoren egiaztatu dute gas pistola bat dela. Filmen analogiekin jarraituz, emakumezko espioiek poltsan gordeta eramaten duten horietakoa. Ez da hilgarria baina ziur Enimehmedov-ek erabili nahi zuen distantziatik kilimak baino gehiago eragiteko gai dela. Polizia bulgariarraren arabera, irudietan azaltzen ez den 25 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuen aretoan, aldean bi laban zeramatzala. Momentuz hilketa saiakera honen atzean izan daitezkeen arrazoiak argitzeko informazio askorik ez da zabaldu. Ziurtzat eman dute, halaber, Enimehmedovek ez duela inoiz  loturarik izan DPS alderdiarekin.
Huts egindako hilketa saiakera honen biktimaren, Ahmed Doganen iragana, Wikipedian irakur daitekeenez, ilun xamarra da, izan ere Bulgariako alderdi komunista-stalinistako kide izateaz gain, polizia sekretuko kide ere izan zela egiaztatzen duen dokumentuak zabaldu dira. Kartzelan behin baino gehiagotan izandakoa da eta zenbait ustelkeria kasurekin lotura izan izan du, guztietan absolbitua izanik. Buru den alderdiak bi aldiz parte hartu izan du gobernu-koalizioan.
Turkiar jatorriko herritarrak eta musulmanak Bulgariako herritarren %12 dira, 800.000 lagun eskas 7 milioi biztanle dituen estatuan. Izan ere, Bulgaria ia 500 urtez Otomandar Inperioaren menpe izan baitzen. Horrexegatik ez da harritzekoa Bulgaria eta Turkiaren arteko harremanak oso osasuntsuak izan ez izana.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA