Qatarrek urteak daramatza nazioarteko bere nortasun publikoa berreraikitzeko kanpaina egiten. Izan ere, diktadura izatearen ‘ñabardura txiki’ hori ez da oso salgarria izaten. Estrategia diplomatiko eta finantzario horren barruan, futbola funtsezkoa da. Barcelona FC taldeak Qatar izena eraman du mundu osoan barrena bere kamisetan idatzita, emir qatartar kapitalistek Europako hainbat futbol talde bereganatu dute, besteak beste PSG astronomikoa, eta, hori gutxi balitz, datorren urtean munduko futbol txapelketa egingo da duela gutxi basamortua ziren beren lurretan.
Estatu baten dopin finantzarioaren adibiderik onena da Qatar. Fluxua izugarria da. Aurton, Hakimi, Wijnaldum, Donnarumma, Ramos eta Messiren fitxaketekin, Nasser Al-Khelaïfiren menpeko PSG munduko bigarren klub garestiena da. Manchester City bakarrik dago haren gainetik, esplotazioaren eta absolutismoaren beste paradisu batek kontrolatua: Arabiar Emirerri Batuak. 2005ean Qatar Sports Investments (QSI) sortu zutenetik –kirol arloan inbertsio handiak kudeatzen espezializatutako elkartea– emirren mugimendu astronomikoak kirolean, ez bakarrik futbolean, etengabeak eta itzelak izan dira. Horiei esker gaur egun Qatar eta nazioarteko futbola estuki lotuta doaz ezinbestean.
Bilboko portutik igaro ondoren, Yemengo herritarren artean lehertzen diren bonba eta armetan ere inbertitzen ditu milioiak Qatarrek, baina bere benetako boterea ez datza armadan, bere irudi publikoan baizik. Ekialde Hurbilaz Mendebaldean dugun ohiko irudi arruntaren oso bestelakoa da haiek proiektatutakoa: luxua eta aukera berriak eskaintzen dituen herrialdea. Galde diezaiotela Patxi López lehendakariari, zergatik iragarri zuen 2011. urtean Euskadik eta Qatarrek lan-batzordea sortuko zutela, “elkarlanerako proiektuak” zehazteko. Nazioarteko publikoarentzat irudi erakargarria sortzea ezinbestekoa da Qatarren “arrakastaren” funtsa ezkutatu ahal izateko: botere-abusua eta giza eskubideen urraketa sistematikoa.
Kolonia ingelesa izandakoak 1970eko hamarkadan lortu zuen independentzia. Ordutik, Al Thani dinastiaren agindupean, erregimen politiko absolutu eta monarkikoari eutsi dio, lege islamikoa, Xaria, justizia sisteman txertatuta. Erosteko ahalmen handiena duen munduko herrialdeetako bat da –44.000 eurotik gorako per capita errenta–, erregai fosilen ustiapen masiboari (gasa eta petrolioa nagusiki) eta langileen esplotazio basatiari (batez ere migratzaileena) esker. Aurtengo otsailerako, The Guardian-ek zabaldutako ikerketa baten arabera, 6.500 langile migratzaile baino gehiago hil ziren 2022ko mundialerako azpiegiturak eraikitzeko lanetan. Qatarko kastak kontrolatzen dituen diru-kopuru izugarri horiek nazioarteko islamismo jihadistaren makinaria – Anaia Musulmanetatik hasi eta Estatu Islamikoraino– ondo koipeztatu duela salatzen duten kritikak etengabekoak dira.
Baina Qatarren luxuaren atzean dagoen ustelduraren eta esplotazioaren ebidentziak handiak eta agerikoak izanik ere, futbolak ematen dion erakusleihoa arma izugarria da bere posizio globala sendotzeko, diktaduraren irudia garbitzeko prest dauden finantza-eliteen txaloen eta futbolzaleen oihuen artean.