Erregimen kolonialaren agonia Txilen

Axier Lopez
0
Urriaren 15ean manifestazioa egin zuten Santiagon altxamendu herritarraren bigarren urteurrena ospatzeko. Argazkia: EFE / Alberto Valdés

Aginte politikorik ez da bere buruaz beste egiten duenik. Are gutxiago kolonialismoaren erraietan sustraiak dituzten erregimenak. Pribilegioak ez galtzeko kosta ahala kosta bizirautea da kontsigna. Azken urtean horren adibiderik ikusgarriena Txilen dugu. Aste honetan bertan oso era grafikoan azaldu da zaharraren eta berriaren arteko talka hori.

Alde batetik, pandemia batek soilik salbatu ahal izan zuen 2019an milaka eta milaka herritarren mobilizazio eta indar erakustaldiak soken kontra jarritako Piñera presidentea. Pandoraren Paperetan agertu da Sebastián Piñera, eta diru-garbiketa eskandalu batengatik inputatuta dago orain, hauteskundeak ate joka daudela. Bada Piñerak, arriskua usaindu eta zaurituta dagoen animaliaren antzera, lehen aldiz historian salbuespen egoera ezarri du Wallmapun. Eta hala, Txileko Armadaren ehunka soldadu bidali ditu maputxeen lurraldera, baso-industriaren kamioien eta azpiegituren aurkako ekintzei aurre egiteko. Hamarkadak daramatzate maputxeek beren “lurren okupazioa eta naturaren suntsipena” eragiten ari diren metropoliak bidalitako industriaren azpiegituren ekintzak egiten. Orain Txileko Estatuaren jo-puntu nagusi bilakatu ditu Piñerak. Neurri hori noiz eta urriaren 12an jarri zuen indarrean. Abya Yalako jatorrizko herri guztiak Indigenen Erresistentziaren Eguna ospatzen ari ziren egunean, hiriko gizon zuri boteredunak indigenen landa eremua militarki okupatzeko agindu zuen.

Beste aldetik, Piñeraren aurkako protesten hasieraren bigarren urteurrenarekin bat eginez, urriaren 18an, Konstituzio berriaren artikuluak idazten hasi da Biltzar Konstituziogilea. Pinocheten erregimen faxistak idatzi zuen egungo konstituzioa lurperatuko duen biltzarraren presidentea Elisa Loncon da. Maputxe bat.

Deskonposatzen ari den erregimenak arreta desbideratu nahi du etsai komun historikorantz: indigena basatia. Horrela, bi urtez porrotez porrot ibili ostean, gobernua okerrena saihesten saiatuko da azaroko hauteskundeetan. Orain argi eta garbi Frente Amplioren eskutik ezkerrera makurtzen den balantza, joeraz aldatzen saiatuko da. Horretarako testuinguru egokia sortzen saiatzen ari dira, Piñeraren alderdia jokoz kanpo dagoela jakitun, ezkerra boteretik kanpo uzteko aukerak dituen alternatiba bakarrarentzat: ultraeskuina, Jose Antonio Kast presidentegaiaren eskutik, Pinocheten diktaduraren errepresoreentzat indultuaren eta abortua legez kanpo uztearen aldeko diskurtsoari bidea erraztuz.

Bien bitartean, maputxeak eta Arauco Malleco Koordinakundea, hil egin nahi ez duen estatu zaurituaren enbidoari aurre egiteko prestatzen ari dira, enegarren aldiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA