Bizitzaren alderdi guztien merkantilizazioa prozesu etengabea da zenbait hamarkadatik hona. Zerbitzurik funtsezkoenak ere ez dira olatu pribatizatzailetik salbu. Areago, negoziorik borobilenak dira multinazionalentzat. Erakunde publikoek diruz ongien babestutako sektorea da ospitale eta adinekoentzako egoitzena, eta, horri esker, enpresa pribatuek diru-sarrera erregular eta fidagarriak dituzte bermatuta. Gainera, biztanleriaren zahartzeak eta, horren ondorioz, gaixotasun kronikoen hazkundeak argi adierazten dute etorkizunean ere osasun-zerbitzuen beharrak eta eskaintzak gora egiten jarraituko dutela.
Nazioarteko erakundeek (OME, NDF, Munduko Bankua eta Munduko Merkataritza Erakundea) eta Europako eta estatu mailako instituzioek sustatutako liberalizazio- eta desarautze-politikek osasun-sektorea mauka erakargarri bilakatzen lagundu dute neurri handi batean.
Transnazionalen Behatokien Europako Sareak (ENCO) aztertu du Europako adinekoen egoitza eta ospitale pribatuen egoera. Bere ondorioen arabera, enpresak bat egiten ari dira eta nazioarteko merkatura zabaltzen, eta enpresetan gero eta partaidetza handiagoa dute inbertsio-funtsek. Gora doa joera hori kontinente osoan.
ENCOren arabera, Frantziako, Alemaniako eta, neurri txikiagoan, Britainia Handiko enpresa batzuk dira Europako osasunaren merkatuko pastela jaten ari direnak. Adibidez, egoitzak eta ospitaleen sektoreak batuta, Fresenius alemaniarra da Europako enpresarik handiena, 35.000 milioi eurotik gorako balioa du.
Europa mendebaldeko hegoaldea, zahartze-prozesu nabarmena bizi duena, merkatu oso erakargarria da multinazional horientzat. Adibidez, Espainiako Estatuan, eragile pribatu handiek atzerriko taldeen filial bihurtzeko joera dute (adibidez, Quirónsalud ezaguna 2016an bereganatu zuen Freseniusek). Edo Italian, KOS eta Gruppo San Donato talde nazionalez gain, enpresa alemaniarrak eta frantziarrak dira merkatuan nagusi. Portugalen, Frantziako multinazionalak eta, neurri txikiagoan, Alemaniakoak dira adinekoen arretaren jabe.
Europako Batzordearen nahia da munduko enpresa handienekin lehiatzeko gai diren “Europako txapeldunak” sortzea. Horregatik, ez da kasualitatea Europako erakundeek, hala nola Europako Banku Zentralak eta Europako Inbertsio Bankuak, finantzaketa-erraztasunak eskaini izana Korian eta Fresenius enpresa handiei.
Bulkada publiko sendo hori, hala ere, ez dator bat pazienteen egunerokotasunaren gordinarekin, areago pandemia hasi zenetik: ekipamendurik eza, gehiegikeriak, gehiegizko prezioak, etekinari lehentasuna, etab. Beraz, onura ekonomikoa helburu bakar duten enpresa pribatuen esku utzi behar al ditugu osasunaren ardura eta zahartzaroko gure zaintza? ENCOren arabera, galdera egiteak berak dakar erantzuna.