Nazioartera zabaldu da gatazka Kazakhstanen

Axier Lopez
0

Urtarrilaren 2an protestak hasi dira Kazakhstanen. Oso egun gutxian gobernu bat botatzea lortu dute eta SESBetik independentzia lortu zuenetik herrialdean izandako krisirik handiena eragin dute. Lehen begiratuan inork ez zuen aurreikusi tamaina horretako erantzunik gobernuak autoentzako erregaiaren prezioa igotzea erabaki zuenean. Litroko 0,12 euroko prezioa bikoiztu zuen. Ez zen oso neurri herrikoia baina munduko zazpigarren herrialderik handieneko agintarien aurreikuspen guztiak gainditu zituen herritarren erantzunak. Kazakhstandar asko gobernuaren aurka kalera atera zen suminduta. Lehen erantzun ofiziala, ohikoena: esku gogorra.

Kassim-Jomart Tokaiev presidenteak errepresio zorrotza agindu zuen, baina manifestariak ez ziren kikildu. Almatyko udaletxea erre, aireportua okupatu eta poliziaren autoak erre zituzten. Batetik, 18 polizia hil dituzte eta bestetik, hildako manifestarien kopurua handiagoa, baina zehaztu gabea da. Milaka dira zaurituak eta atxilotuak.

Almatyko udaletxea erreta urtarrilaren 6an. Argazkia: Pavel Mikheiev – Reuters

 

Protesten lehen egunetan Tokaievek berehala indargabetu zuen erregaiaren igoera, eta prezioa 0,12tik behera ere jaitsi zuen, baina berandu zen. Mobilizazioak ez ziren amaitu eta presidenteak gobernukide batzuk kargutik kendu zituen. Gobernua Nursultan Nazarbaieven agintearen jarraipena da. Nazarbaiev 25 urtez izan zen agintean, 1984tik, artean Kazakhstan sobietar errepublika zela, 2019ko martxora arte. Baina kontinuismoaren figura nagusiak kentzea ere ez da nahikoa izan oraingoz inongo buruzagi edo antolakunde argirik ez duen mugimendua baretzeko.

Zurrunbilo bortitzaren erdian, protesten zabalpena eta manifestarien arteko komunikazioa eragozteko Kazakhstango agintariek Interneterako sarbidea eten dute; urtarrilaren 5etik 10era arte ia erabat indargabetuta izan da sarea. Gainera, herrialdeak ez du kazetaririk sartzen uzten, beraz bitarteko eta lekuko askorik gabe “ulergarriagoa” da zergatik Tokaievek esan duen protestariak atzerrian trebatutako terroristak direla.

Eta hori egin du, hain justu, Segurtasun Kolektiborako Itunaren Erakundeari (ODKB errusierazko sigletan) publikoki laguntza militarra eskatu dionean “mehatxu terroristari” aurre egiteko. ODKB-ko kide da Kazakhstan, Errusia, Armenia, Bielorrusia, Kirgizistan eta Tajikistanekin batera, denak herrialde sobietar ohiak. Dagoeneko atzerriko 3.770 soldadu daude Kazakhstanen, eta Tokaievek eta Moskuk “bake-tropak” deitu arren, nekez ikusiko dute hala manifestariek.

Koloretako iraultzen aurrekariak gogoan, ez da gutxi izan protesten atzean atzerriko esku beltzik bilatu duena. Areago, mobilizazioak herrialde osora zeinen azkar hedatu ziren ikusita eta protesten indarkeria-maila handia kontuan izanik. Oraingoz balizko potentzia horietako batek ere (Txina edo AEB, kasu) ez du jarrera argirik agertu, baina mamua hor dago.

Edonola ere, begien bistakoa da egun nazioarteko tropak herrialde batera sartu direla erregimen politikoaren “segurtasuna bermatzeko”, baliabide natural aberatsak dituen herrialde batean, nagusiki hobekuntza sozialak eskatzen dituen eta agintariekin akitua den jendeari aurre egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA