Europar Batasuna gerrara doa

Axier Lopez
0

Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako eta Segurtasunerako goi-ordezkari Josep Borrellek adierazi duenez, Europako gerra itsasontziak eta hegazkinak bidaliko dituzte Itsaso Gorrira, Israelera doazen merkataritza-ontzien aurkako yemendarren erasoei aurre egiteko. Belgikak, Italiak, Frantziak eta Alemaniak, besteak beste, ekintza armatuaren alde egin dute. “Parte hartu nahi ez dutenak alde batera jar daitezke”, azpimarratu du PSOEren politikariak. Espainiako Gobernuak aurreratu du ez duela parte hartuko, baina “ez du inolako eragozpenik” operazioa martxan jartzeko. Ez dago gaizki gogoratzea Espainia Atalanta operazioaren buru dela handik gertu, Afrikako Adarrean, “pirateriari aurre egiteko”. Edo, beste era batera azalduta, Europak hirugarren mundua deiturikoaren baliabide naturalak eta garraiobideak arpilatzen jarraitu ahal izateko.

Operazio militar berri honek ‘Aspides’ izena du (“babesa”), sozialista katalanaren arabera horixe delako helburua: “Gure itsasontziak babestea, huthien aurka ez dute inolako ekintzatan parte hartuko. Ontzien aurkako erasoak blokeatuko dituzte, besterik ez. Itsaso Gorrian gertatzen denak bakeari eta egonkortasunari eragiten die eta Europako enpresa askok zerbait egiteko eskatu digute, beren negozio-eredua asko sufritzen ari delako”.

Hau da, munduko bakeari eragiten diona genozidioaren aurka egindako ekintza internazionalistarik handiena da, yemendarrak egiten ari direna. Bitartean, 10.000 haur palestinar baino gehiago hil dituen estatu sionistari alfonbra gorria lixatzen ari zaie, Eurovisionen kanta dezaten.

“Nazioarteko legedia” arduratzen da Afrikako kostalde osoa inguratzeak Mendebaldeko zamaontziei ekarriko liekeen kostu-gehikuntzaz eta Europako inflazioari eragingo liokeen gainkostu handiaz. Baina Palestinari dagokionez, “nazioarteko legedi” horrek hamarkadak daramatza beste aldera begira, eta nahiago du Itsaso Gorriaren inguruko krisia militarizatu eta areagotu, Israelen sarraskia gelditu eta irtenbide baketsu eta justua bilatu baino.

Goseak hildako herria, etsai

33 milioi pertsona pasatxo bizi dira Yemenen. Pertsonako BPGren araberako rankingean munduko azken postuetan dago herrialdea eta Giza Garapenaren Indizean yemendarrak bizi-kalitate txarrena dutenen artean daude. Gaur egun, yemendarren bi herenek, ia 23 milioi pertsonak, ez dakite nola lortuko duten hurrengo otordua, Oxfam GKEren arabera. Beste gerra geopolitiko baten ondorioetako batzuk dira. Ia 10 urtez luzatu den gerra. Eta egoera lazgarria “hobetzeko”, azken egun hauetan AEBek eta Erresuma Batuak, Australia, Bahrain, Kanada, Danimarka, Herbehereak eta Zeelanda Berriarekin batera, herrialdea bonbardatzeari ekin diote Israelen (eta beren negozioen) defentsan.

Baina, hala eta guztiz ere, Yemengo talde armatu batek kinka larrian jarri du Itsaso Gorrian barrena pasatzen den munduko merkataritzaren %12, lagun palestinarrekiko elkartasunaren izenean. Espero dute merkataritza garraioa oztopatzeak eragingo dituen gain-kostuek Mendebaldeko gobernuak mugiaraztea, behingoz Israel presiona dezaten Gazan genozidioa amai dadin. Emaitza, aldiz, munduan indarrean den logikaren argigarria da. Mendebaldeak sionistei su-etena ezartzeko edo nazioarteko legedia betetzeko dei egin beharrean, hori bera aldarrikatzen ari direnen aurka bonbak eta gerraontziak bidali ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA