Oso ezagunak egin ziren 2006ko Palestinako Bil’in herrian grabatutako irudi hauek baina orain arte ez genuen bideoz ikusi. 2006ko egun horietan ETB2ko Teleberrian agertutako irudiak dira. Komite Internazionalistak taldearen eskutik, Gasteizko Judimendi auzoko joaldunak Palestinara joan ziren joareak astinduz elkartasuna adierazteko. Bil’in herri ezaguna da Zisjordania isolatzen duen harresiaren aurkako mobilizazioengatik. Hara heldu ziren joaldunak eta asteroko mobilizazioan parte hartu zuten. Inoiz ikusi gabeko irudiak utzi zizkiguten: euskaldunak ardi larruz jantzita, ttuntturro eta isipuak airean, Israelgo armadaren zarata-bonba eta tiro artean korriketan.
Irudi hauek asko zabaldu ziren Euskal Herritik kanpora ere. 5 broken cameras dokumental ezagunean agertu dira joaldunak. Lan hau 2013ko Oscarretan dokumental onenaren saria eskuratzeko bost izendatuetako bat izan zen. Bil’ingo herritar baten bizitza du oinarri. Ikus irudiak:
Hau da 2006an Judimendiko Momotxorroak taldeak zabaldu zuen komunikatua: Komite Internazionalistak taldearen webgunetik hartua.
Palestinar eta Euskal Herriei zuzendutako aldarria.
Ramallahtik mundura:
Aintzinako garaietatik zanpantzarrak urtez urte atera dira Euskal Herriko mendietan zehar neguaren amaierarekin batera udaberriaren etorrera iragarriz.
Euskal Herriak Palestinak bezala lotura handia izan du beti lurrarekin, eta beti mirestu izan ditugu Amalurra eta naturaren indarrak, halaber lotura berezia izan dugu beti gure aintzinako ohiturekin eta gure hizkuntzarekin. Azken batean,Euskal Herriak, Palestinak bezala eutsi egiten dio bere izaerari eta uko egiten dio zurrunbilo globalizatzailearen barruan desagertzeari.
Zanpantzarren dantza erritual hau burututa gure arbasoek uste zuten zintzarrien hotsaren bidez lurra esnarazten zutela neguaren loaldi luzearen ostean, eta ispuritu txarrak uxatzen zituztela zaldi isatsari eraginez. Gaur egun, ordea, errito honi eutsi diogu, gure herria bere loalditik esnarazteko.
Iragan ostiralean zanpantzarrak mendietatik jaitsi ziren Ramallah-ko Bil’in herrira mundua esnarazteko, begirada Palestinan pausa dezaten, gureak eta munduko beste hainbat herrik bezala desagertzeari uko egiten diolako.
Gure zintzarrien hotsak gogor eta ozen entzun dadila harresi lotsagarri hauek suntsitzeko, zaldi isatsei haizean eraginez herri zintzo eta duin honen etsaiak uxa ditzagun.
Palestinan zein Euskal Herrian
Pakea, lurra, eta askatasuna
Ramallah-n 2006ko Uztailaren 8an
Judimendiko Momotxorroak
1 Iruzkin
Kaixo:
Hemen usten dizuet, Palestinan hainbat ekintza ez biloentoen zerrenda bat, Euskal Herritik jasoa.
http://bit.ly/palestina-ezbiolentzia-aktiboak