Israel minbizia eragin dezaketen bonbak erabiltzen ari dela salatu dute

Axier Lopez
0
Mohammed Salem (Reuters)

Gazako eraso militarrean Israel arma kimikoak erabiltzen ari dela salatu du Norvegiako Erik Fosse medikuak. Arma hauen osagai kimikoek minbizia sortzeko gaitasuna dute. Euskal Herria ondo ezagutzen duen Stein Torger kazetari samiak eman digu albistearen pista.
Gazako ospitalean lanean ari den Fosse medikuak Press TV kateari egindako adierazpenetan, DIME (Dense Inert Metal Explosive – Metal Bizigabe Astuneko Lehergaia) bezala ezagunak diren armen erabilera salatu du. Berez, albo-kalteak gutxitzeko asmatuak dira arma mota hauek eta piloturik gabeko hegazkinek jaurtitzen dituzte. Bonba hauen ezaugarri nagusia da eztandak eremu txikian eragiten duela  baina oso eragin biologiko okerrak sortzen dituela. Mikro-metraila minbizia sortzeko gaitasuna duten elementu kimikoez osatutakoa da, tungstenoz gehien bat. Bonba hauek eragindako zauriak oso hilgarriak direla salatu du Erik Fossek. Gazan artatu dituzten zaurituen artean oso gutxik lortu du bizirik jarraitzea. Ezezagunak zaien beste arma batzuen eraginak ere atzeman dituztela ohartarazi du Osloko kardiologoak.
Aurrekariak
Ez da hau Israelek arma kimikoak erabiltzen dituela salatzen den aurreneko aldia. Gazako herritarren aurkako azken bonbardaketa handian, 1.412 palestinar hil zituzten 2009ko operazio militarrean, Israelgo armadak pobretutako uranio eta fosforo zuria erabili zituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA