2497-54_03

“Lehenengo eguneko ilusio berarekin entrenatzen ari naiz”. Hurrengo hauteskundeetarako sasoia mantendu nahi du Maneirok eta gogor hasi da lanean).

Taldearen %82 kaleratu ostean, zaletuen ilusioa berpiztuko duen izar bat fitxatu nahian dabil Ciudadanos. Albert Riveraren taldean argi dute ez direla edozerekin konformatuko: “Utikan mertzenarioak, guk nahi duguna kolore laranja bihotzez sentituko duen norbait da. Eskuin hegalean aritzeko, esan gabe doa”.

Diotenez euskal harrobi oparoan arrantzatzeko asmotan lebilke Ciudadanos. Hartara, Gorka Maneiro dateke Riveraren ametsetako fitxaketa. “Oso positiboki baloratzen dugu aurkariz inguratuta jokatzeko daukan trebezia”, aitortu du alderdi laranjako buruak, “arean killer petoa da, begiradan nabaritzen zaio beteranoa izanagatik oraindik politikaz gose dela”. Zurrumurrua zabaldutakoan, UPyDk fite arrapostu du ez duela inor saltzeko asmorik: “Jokalari guztiak ezinbestekoak ditugu, mailari eusteko aukera apurrak ez baditugu galdu nahi; hala ere, norbait Maneirinhoren klausula ordaintzeko prest badago… Jokalariak berak zer nahi duen? Ba ez dakit, berari galdetu”, esan du, alderdiaren izenean, Gorka Maneirok.