“Ez dugu dimititu gabe geratuko diren bakarrak izan nahi”. Horrela diogu astekariko kideok geure buruari birbidali diogun prentsa oharrean. Cameron, Johnson Farage… Ingalaterran bata besteren atzetik ari dira dimititzen eta The Light-eko kideok ere, elkartasun internazionalistaz, hilabetez dimititzea erabaki dugu. Abuztuan, hain zuzen ere. Aurrena sakrifikatzen Unai Brea izan
da, gure Breaxit partikularrak azalpen linguistikoa ere izan dezan.
Halere Brexitaren ondotik munduan katastrofe kopurua ez dela handitu berretsi dute adituek. “Harrituta gaude”, adierazi du Peter Bridgetown Zero Hondamendi Europako Institutuak Usurbilen duen zuzendariordeak, “dozenaka gaixotasun, lurrikara eta bestelako gertakari latz espero genuen Erresuma Batuak Europaren altzo gozoa uztearen ondorioz; Carlos Urquijo Alde Zaharretik poteatzen hastea, Urkulluk barre txikia egitea, ETBk Julian Iantzirik gabe parrila osatzea, Hernanin Podemosek irabaztea… pentsaezinena ere ez genuen baztertzen! Baina orain ez dakigu zer pentsatu…”.