Hasi da opor sasoia eta turista katalanak saldoka ditugu Euskal Herrian eta gure harridurarako, Baskitisaren gaintza sendatu gabe dagoela berretsi digute. “Pozgarria da behatzea Euskal Herriak, paisaia eta gastronomia bikainei ez ezik eusten diola oraindik Espainiako Estatutik bereizi nahi duten herrien abangoardia izateari”, plaçaratu du Cesc Punyotancat, Bartzelonako Gràcia Zarautzen astebetez ematera etorri den independentzia zale sutsuak.
Ez da irudipen hori izan duen bakarra. Laia Casadelpuicheron gironatar peto-petoaren berbetan, “Katalunian geure zilborrari begira bizi gara azken aspaldian, pentsatuz geu garela Madrili koskabiloak ukitzen txapeldunak , baina hona etorri eta konturatu naiz asko dugula oraindik euskaldunez ikasteko”. Burua eta gora eta behera mugituz baietz dio Oriol Pantumatx mutil-lagunak: “Bistan da pertsona bakarra guztien erronda ordaintzeko gai den herri batek sekulako barne-kohesioa duela, horregatik zaudete independentziatik hain gertu, inor konturatu ez arren. Ezta zuek ere”.
Euskal Herriko Guk Beti Bat Gehiago mugimenduak, ezohiko biltzarra egin eta gero, honako analisia kaleratu du gaiari buruz: “Ikusten? Esan genizuen!”.