EAEko herritarrak argiro dira mintzatu: erabakitzeko eskubidearen alde daude. Gasteizen lau parlamentariotik hiruk defendatuko dute euskaldunok gure patuaren jabe izan behar dugula, eta horrek legegintzaldiaren hasiera-hasieratik eragin ditzake mugimenduak burujabetzaren bidetik. “Hasteko, Legebiltzarreko kantinan askoz pintxo mota gehiago ipin dezaten sustatuko dugu”, adierazi du EAJko Ostalaritza arduradun Miren Abarne Tabernak, “orain patata tortilla baino ez dago eta horrela ez dago ezer erabakitzerik”.
Iñigo Urkullu EAJren lehendakarigaiak Beranduegiri esklusiban esan dionez, ondo gogoan ditu hauteskunde gauean Sabin Etxearen aurrean bildutako ehunka lagunek botatako “independentzia” oihuak. Ñabardura egin du ordea: “Oihuak entzun nituen bai, baina ez zuten garbi esan nongo independentziaz ari ziren; gobernua osatutakoan hartuko dudan lehen neurrietako bat Independiker institutua sortzea izango da, gaia arretaz azter dezan”.
EH Bilduk, bere aldetik, bi alternatiba ipini ditu mahai gainean: Podemosekin akordio zabala egitea, edo Zabalarekin akordio podemos egitea. “Oraindik ez daukaguoso garbi, ea Otegik zer dioen”, azaldu du Haizea Hartzearena koalizioko partaidetza arduradunak.
Bestalde, Nebraskako Unibertsitatean egindako ikerketa batek frogatu du bizkaitar guztiak jeltzaleak direla, baina batzuetan beste alderdi batzuei ematen dietela botoa, “ez aspertzeko”.