Milaka lagun batu ziren igandean Forondako zelai orlegian, lau txikito hartu eta EAJk Bizkaian azken minutuan eta penaltiz legebiltzarkide bat galdu duela ahazteko di-da antolatutako Alderdi Egunean. Ohi bezala, euren aurpegi abertzaleena erakutsi zuten buruzagi jeltzaleek. “Hauteskundeetan jo dugun zartakoaren euforiaz, ezkerreko besoa altxatuta ateratzeko zorian egon naiz, baina azken unean irudi aholkulariek esan didate hobe nuela betiko estiloan egin, bi besoak gora eta alkandorako mahukak bilduta”, aitortu dio Beranduegiri Andoni Ortuzarrek.
Oholtza gainean, “Euzkadiren nasio izaera” –tira, gutxi gorabehera– aitortzeko eskatu zion Ortuzarrek Espainiako Estatuari, eta erabakitzeko eskubidea defendatu zuen. Behin berotuta, nazio eraikuntza eta eraikuntza soziala esaldi berean aipatzera iritsi zen Iñigo Urkullu, eta Ispasterreko betidaniko afiliatu bat han bertan artatu behar izan zuen Gurutze Gorriak –bai, gorria!–, abertzaletasun gaindosiak kaltetuta nonbait. “Uf, susto hauek urtean zehar lauzpabost alditan zatituta ematea bazeukaten ba! Holan ezin da, dena batera…”, kexatu zen gizona bere onera etorritakoan; “medikuak esan dit EAri botoa emateko denbora batez, prebentzio modura”.
“Datorren urtera arte” esanez eman zioten amaiera jaiari.