“Nola liteke XXI. mendean oraindik horrelakoak gertatzea?” diote jakintsuek.
Joan den asteko ostiralean Iruñerria astindu zuen lurrikarak erreplika gogorra izan zuen larunbat arratsean, edukiontzi batzuk lurrera jaustea eragin zuena eta Richter eskalan 25 edo 26 gradura iritsi zena Josephus Asironius sismologoaren detekzio gailuetan. Kezkatuta azaldu da koalizio independentistako kide Aio Karrikak: “Herritarrak dardarka jartzeak normalizazio tektonikotik urruntzen gaitu”, adierazi du, zertaz ari den dakienaren aurpegi eta guzti.
Askapen Tektonikorako Asanbladak, berriz, ez du begi onez ikusi lurraren mugimendu askeei trabak jarri nahi izatea. “Euskal lurpea burujabea da eta noizean behin izu pixka bat eragiten badu, ba aizue…”, esan dio Suah Aldekoa eledunak Beranduegiri. Zehazten hasita, erru guztia espainiar plakak duela gaineratu dute.