Istilu Franco izan dira Katalunian demokraten eta besteen artean. Hango herritarrek borra kolpeak hartzeko zaletasun makurren bat dutela baztertuta –gauza arraroagoak ikusi dira, zer nahi duzue–, Beranduegik Xavier Letonia nazioarteko berriemaile oso berezia igorri du Bartzelonarat, ea jakiterik duen nondik datorkien katalanei Espainiako demokrazia eredugarriari aurre egiteko tema hori.
Erantzunak txunditu egin gaitu: “Ez dut dena harrapatu, arraro hitz egiten dutelako, L-ak asko markatuz eta hola, baina ulertu diedanaren arabera katalanak ez dira espainolak, eta horregatik antolatzen dituzte anabasa hauek”, azaldu digu Letoniak telefono kabina batetik.
Bestalde, Euskal Herriko karrikak jendez betetzen hasi dira berriro, denak Kataluniara joan eta gero. Han ibili den ARGIAko kazetari baten esanetan, “hunkigarria izan da!; irrikan gaude aldizkariko azalean letra handiz Indepentzia idatzi ahal izateko berriro”. Airbnb-k esker oneko mezua bidali die Kataluniara joan diren milaka euskaldunei. “Nahiago erreferenduma, turismoa baino” esan dute.