Katalunia Espainian egotearen alde igandeko manifestazioan parte hartu zutenetako asko Bartzelonako kaleetan daude oraindik, beren zentzu komuna aurkitu nahirik. Despistatu piuradun baten adierazpenok jaso ditu Beranduegik: “Recuperem el seny zen leloa, alegia, berreskura dezagun zentzu komuna, eta guk aspaldi galduta daukagunez, ba etorri egin ginen. Baina keba, ezin aurkitu”.
Konturatu gabe norbaitek seny-a etxera eraman ote duen susmopean, Ciudadanoseko boluntario talde bat Espainiako autobus konpainietara deika hasi da dagoeneko. “Arazoa da ez dakigula zehazki nolakoa den seny-a, ez baitugu sekula ikusi. Gainera, autobus asko dira miatzeko. Uf, hau nagia…”.
Bestalde, manifestazioaren antolatzaileetako batek ukatu egin du bertan fatxak bildu zirenik. “Gu demokratak gara eta ez genuke horrelakorik onartuko. Eguzkiak bete-betean jotzen zuen aurpegietan, eta batzuek begiak babesteko eskua altxatu zuten, independentista manipulatzaileek maltzurki interpretatu duten keinua eginez”.
Eta azken ordukoa: Mario Vargas Llosak esan du independentismoa ez dela gauza sanoa eta Peru berehala Espainiaren parte izatera bueltatzeko kanpaina abiaraziko duela. Moncloak erantzun dio eskertzen diola adorea, baina hainbesterako ere ez dela.