Estrategia politikoa errotik aldatzea deliberatu du Euzkadi Buru Batzarrak. Hona Beranduegiren erredakziora igorri duten agiria: “Euzkotarrok askatasuna lortzeko bide arinena ez da gure asaben lur maitea Espainiatik aldentzea, baizik eta dagoeneko aldenduta dagoen lurralde batera joatea. Konkretuki, EAEko herritar guztiak Antartikatik banatu berri den izozmendira joatea proposatzen du EAJk”.

“Arrazoi onak ditugu”, azaldu du alderdiko Klima Aldaketa arduradun Hozkirri Eguraldek: “Batetik, icebergaren tamaina eta EAErena ia berdinak dira; bestetik, klima Gasteizkoaren antzekoa du izozmendiak, eta azkenik, zer nahi duzue esatea ba, zeozergatik gara Jel-tzaleak”. Mudantza egiteko une egokienaz galdetuta, honakoa dio Eguraldek: “Pragmatikoena litzateke iceberga Bizkaiaren paretik igaro arte itxarotea. Ordurako ia osorik urtuta egongo dela? Tira, lasai, izango dira beste iceberg batzuk, a ze presa…”.

Euskal Herria ere glaziar edo dena delakoa bihur dadin gogotik saiatuko dela iragarri du EH Bilduk. Podemosek adierazi du izozmendiaren gaia labainkorra dela oso, eta ez dela ona burujabetzari buruzko eztabaida polarizatzea –izan Iparrekoa ala Hegokoa–. PPk esan du irmoki  kondenatzen duela Espainia osoaren iritzia aintzat hartu gabe “betiko terroristek izozmendi oso bat bahitu izana”. Gauza bera esan du PSOEk, baina sexu bereko pinguinoen arteko ezkontzaren alde daudela gehituz.

Bestalde, icebergak kontinentetik ospa egin eta gero egindako lehen adierazpenak lortu ditu Beranduegik esklusiban: “Beroaldi bat izan da”.