Ezustean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots barre faktoria ospetsuak 2018ko bideoa atera du aurtengo Durangoko Azokarako, 2017koa beharrean. “Ene, hau despistea!”, adierazi du Ekhiñe Katxiporreta pailazo maitagarrien managerrak, hutsegiteaz galdeturikan. “Badakizu, ekoizpen erritmoa oso handia dugu eta ez da harritzekoa halakoak gertatzea, abisatuta neukan honela segituz gero noizbait urtez pasako ginela”. Dena den, lasaitasun mezua helarazi diete taldearen fan ugariei: “Datorren urtean 2017koa kaleratuko dugu eta kito”. Landako… barka, landuko duten tematika oraindik ez dute guztiz erabakita, baina badituzte ideia txit eder eta aurrerazale batzuk. Katxiporretaren esanetan, “bi izenbururen artean zalantzan gaude, Amatxok zakila du, eta zer?, eta Droga guztiak legezko”.
Salgai duten 2018ko bideoak, Borobilean, aginteaz eta botere harremanez dihardu. Umeek ez dute tutik ulertzen baina diotenez arrakasta handia izaten ari da Gasteizko Gaztetxeko parrandetan.