Juan Kruz Mendizabal apaiz gipuzkoarrak hainbat ume bortxat… ui, barka, behar ez zen lekuan ukitu izanak elizetako jesarlekuetan pilatu ohi den hauts geruza lodia harrotu du. Elizak berehala erantzun du, ohiko jakituriaz: “Hara, bagaude betiko kontuarekin… Ez da hainbesterako eta! Txarto portatu den hori zigortu dugu dagoeneko: ezingo du denbora luzean ostiarik eman, eta gainera debekatua izango du urtebetez banillazko izozkiak jatea, eta horiexek ditu gustukoenak. Penitentzia handiagorik!”.
“Tira, behintzat mutilak izan dira”, gaineratu du asko jakiteko itxura duen batek. “Pentsa neskak izan balira: hori sexua zatekeen!”.
Juan Ignacio Munillak “agenda arazotxo batzuei” egotzi die Mendizabalen kasua hamar hilabetez isildu izana. “Badakizue, lanak pilatzen dira eta…”, azaldu du, eta ia konbentzitu egin gaitu. Erabat lasaitu gaituena, berriz, honako esaldia izan da: “Gertakari triste hau lehenbailehen ahaztu eta katekesian haurrei bertutearen bidea erakusten jarraitzeko asmo tinkoa dugu, eta ez da tinko dugun gauza bakarra”.