Gallimard argitaletxea bezalako eskaparatea eduki arren, eta kontatzen duen istorioa oso gurea izatearen despit, euskal prentsan ari garenon aurretik nahiko oharkabean pasa zen François Sureauren Le chemin des morts eleberri laburra 2013ko rentrée literaire hartan –Jon Garmendiak Garan egindako elkarrizketa hau da aurkitu dudan erreferentzia bakarra–.
Horrelakoetan ohikoa denez, gaztelaniara itzuli dutenean (Periférica, 2015) hasi da gehixeago aipatzen. Bueno, ez larregi ere: Harkaitz Canok Baztango Nobela Beltzaren Astean eskaini zuen hitzaldi gogoangarrian komentatu zuen; Goizalde Landabasok txio-kritika egin zion; eta azkeneko The Balde aldizkariak erreseina labur bezain zehatza dakar –hain zehatza, osorik kopiatuko baitugu sinopsi-lanak aurrezteko–.
48 orrialde. Baionan, 2012ko apirila eta maiatza bitartean idatzia. Sureau legegizonak Parisko Errefuxiatuen komisionatuan lan egin zuen urte askotan. Errefuxiatu ugariren kasuak pasa ziren bere eskuetatik, horien artean, Javier Ibarrategui etakidearena. Ibarrategui Frantzian bizi bazen ere, eta erakunde armatuarekin loturarik ez bazuen ere, Errefuxiatu komisionatuak Frantzian geratzeko baimena erretiratu zion. Ondoren gertatu zena ez du burutik kendu ahal izan azken 30 urteetan Sureauk. Gure ‘gatazka’ gureak ez diren begietatik irakurtzea ariketa interesgarria da.
Mokadutxo bat da Sureauren eleberria, 1980ko hamarkadako euskal errefuxiatuen afera Frantziako judikaturaren ikuspegitik kontatzen duena. Errua eta ardura morala dira tonu aseptikoan idatzitako kontakizun honen funtsezko gaia: protagonista den epaileari momentu hartan hartu zuen erabakiak 30 urtean kontzientzia arazoak eragin dizkio.
Egiantzekotasun arazo batzuk gorabehera –Ibarrateguiren pertsonaia, GALen ekintzak hasi ziren data…– nobela autobiografikotzat aurkeztu zaigu Le chemin des morts eta hor hasten dira komeriak. Izan ere, lan labur honek badu Espainian azken hamarkadetan egin den kontakizun politikoak onartu ezin duen elementu bat: auzitan jartzen du Frankismoaren ondorengo demokrazia zenbateraino izan zen demokratikoa; eta itxuraz, gertakari faktualen bidez egiten du hori.
Trumoiak eragin ditu zenbait erredakziotan: ABC egunkariak nobela autobiografikotzat presentatzea kritikatu zuen, fikziozko elementuak azpimarratuz artikulu luze xamarrean; El Paísen berriz, nobela ontzat eman ondoren, istorioa “okerra” dela esan zuten –bai neskak, istorio okerrak daude zenbaiten iritziz; eta kritika literarioan ari direla sinetsita daude oraindik–.
Behin kritika politikoak egiten hasita, gure gauzari kanpotik egindako irakurketa akaso pixka bat exotismo-zale honi buruz esan daiteke Frantziako Estatuaren jarrera zuritzen duela ere, gertakarien pisu guztia epailearen erabakian jarriz –eta izan ziren beste arduradun batzuk, noski izan zirela, ezta Charles Pasqua?–. Literarioki, nik behintzat faltan bota dut pertsonaiak sentitzen duen kulpa horretan gehiago sakontzea. Baita komisionatuko lan-giroaren xehetasun gehiago izatea ere.
Memoria fikzionatzeko ariketa baten aurrean gaudenez, gertakariei izerdi pixka bat gehiago egin arazteko lizentzia bazeukan idazleak; eta sentsazioa da, ez duela aukera hori behar bezainbeste baliatu.
Eguneraketa (2016-II-29, 23:01):
Interfonotik abisatzen digute euskarazko edizioa ere argitaratua duela Utriusque Vasconiae argitaletxeak. Bestalde, Bea Salaberrik Bixente Vrignonek egin zion elkarrizketa honen berri eman digu.
1 Iruzkin
Benetan interesgarria, elkarrizketa hau, epaile honen lekukotasun horrek itxaropena pizten du. Epaitzen diren auzien ulermena daukatela epaileek eta batzuek epaituen kausak ulertzeko gai direla ageri dago. Adibide ederra hau, nun eta epaile izatetik abokatu izatera pasatu den. Eredugarri baina agian epaile gisa jarraituz gero errefuxiatuekiko justuzia errukari gehiago erakusten ahal zuen….