Burujabetza teknologikoa

Azken urteotan Euskal Herrian eman diren dinamika askok burujabetzaren inguruko hausnarketa sakona egiteko parada eman digute.

Elikadura burujabetza, burujabetza energetikoa, informazio burujabetza, burujabetza feminista… hamaikatxo izan dira burutu diren proiektu, ekimen eta mobilizazioak. Taldeka edo nor bere buruarekin. Burujabetza teknologikoaren alde ere, proiektu oso interesgarriak gauzatu direla jakin badakit, baina oraindik ondo barneratu ez dugun kontzeptua dela esango nuke.

Informatika askearen inguruan berba egitea ez da gauza erraza. Hartzaileak – orokorrean, eta salbuespenak salbuespen – arraro begiratzen gaitu. Kontzeptuak txertatzea lan sakona da eta askatasunaren inguruan egin beharreko hausnarketak bigarren maila baten usten du burujabetza teknologikoa. Teknokapitalismoak gu baino erreminta dezente gehiago izan ditu eskura.

Ulergarria deritzot gai interesgarri bezain mamitsua den burujabetza teknologikoaren inguruan berba egiten digutenean kontzeptuetan galtzea. Burujabetza teknologikoa kontzeptu oso zabala da. Zerbitzari autonomoen inguruan berba egin genezake, sare egitura fisiko libreen inguruan, autokudeatutako sare sozial digitalen inguruan, fedibertsoaren inguruan, hardware librearen inguruan… jorratuta dauden bezainbeste proiektu daude egiteke. Eta horrek motibatu beharko liguke. Lan guzti hori harribitxi bezala sentitu beharko genuke aktibismo teknologikoan lanean gabiltzan ekintzaileok.

Gauzak horrela, R/hack 2019 hackmeting-a baliatuz, burujabetza teknologikoaren inguruan aritzen garen erakunde eta norbanakoak bilera batera deitzen ditugu. Bilera honen helburua Euskal Herrian burujabetza teknologikoaren alde lan egiten hari garen eragile desberdinek, taldeak zein norbanakoak, elkarrekin biltzea eta ditugun indarren, asmoen eta beharren berri izatea da. Elkar hobeto ezagutzeaz gain, etorkizunean antolatu daitezkeen ekimen komunen ardatzen inguruan eztabaidatu eta agendak partekatuko ditugu.

Horretarako, irailaren 21an (goizez), Gasteizeko Errekaleor auzoan bi orduz elkartuko gara.

Hezkuntzan indar berezia egiteko asmoz egin dugu deialdia, baina deialdi zabala da. Bilera horretan eraiki dezakeguna jakin ez badakigu ere, denon artean eraikitzeko moduko etorkizunak amesteko aukera emango digu.

Animatuko zara?

Behar zaitugu hacktibista… (osatzeko komunitate librea).

R/Hack 2019

Orainaren bukaera geroz eta hurbilago dago. Teknologiak mundu posible asko sortzea baimentzen du, baina korporazio handiek aukera guztiak desagertarazi nahi dituzte. Populazioa ilusio faltsuekin engainatzen duten bitartean, etorkizuna lapurtzen ari dira, askatasunari inolako alternatibarik utziz.

R/Hack 2019, manifestua.

Egun gutxi falta dira Gasteizeko Errekaleor Bizirik auzoan burutuko den aurtengo hackmeeting-ari hasiera emateko.

Hackmeeting-a, teknologia berriek jendartean duten eraginaren inguruan eztabaidatzeko – eta ekintzetara pasatzeko – gune autogestionatu eta horizontala da. Hackmeeting-a denon artean egiten dugun zerbait izanik, bere antolakuntza guztion ardura izateko, modu asanblearioan kudeatzen da. Nodo izendatzen ditugun ekintzen bitartez, maila pertsonal eta kolektiboan teknologiarekin dugun harreman politikoaz hausnartzen laguntzeko erabat lagungarria den TAZ bat sortuz.

Software librea, hardware librea, pribatutasuna, segurtasun digitala, jakintza eta kultur askea, sare deszentralizatuak… izan ohi dira hackmeeting-etan gehien errepikatzen diren gaiak eta esparru ederra da hacktibismoaz – aktibismo hackerraz – berba egiteko, beste gune autogestionatu eta hacklab-etan burutzen diren esperientzien berri izateko eta – zergatik ez – saltseatuz ongi pasatzeko.

Aurtengo hau irailaren 20-21 eta 22a bitartean burutuko da, eta hackmeting-ari lekua emango dion gune autogestionatua, goian aipatu bezala, Errekaleor Bizirik da (Gasteiz). Bertan lo egiteko, jateko, dutxatzeko eta oinarrizko betebehar guztiak asetzeko aukera egongo da. Aurten kanpaleku eta guzti (beraz, hala nahi baduzue zuon kanpin-denda eramateko aukera daukazue).

Aurtengo hackmeeting-ean landuko diren gaiak – urtero bezala -, gaurkotasun teknologiko eta politiko osoa izango dutela aurreikusi genezake. Eta noski, esparru irekia izanik, hala nahi duenak bere ekarpenak egiteko aukera dauka, besteak beste, hitzaldi, eztabaida edo tailer formatuan. Norberaren imajinazioa da hackmeeting-aren muga bakarra.

Ekintzaileentzat egiten den teknologia jardunaldiak bezala ulertzen ditugu gutariko askok, hortaz, aktibista bazara zuretzat leku aparta izango delakoan nago. Inoiz hackmeeting batera joan ez bazara, izan dadila hau zure lehen aldia. Egun pasarako bada ere, elkarrekin ikasteko aukera paregabea izango dugu.

Etorkizun teknologiko inperfektuak sortzen urte askoz jarraitzeko aukera izan dezagun: R/Hack 2019. Parte-hartu.

Informazio gehiago hemen: https://es.hackmeeting.org/

Dependentzia teknologikoaz

Joan den astean, Mastodon bitartez, burujabetza teknologikoaren bidean Sevillako Unibertsitateak emandako atzerapauso itzel baten berri izan genuen.

Interferencias, eskubide digital eta segurtasun informatikoaren inguruko eztabaida eta ekintzak sustatzeko talde ziberekintzaileak, Sevillako unibertsitateak hartutako erabakiaren berri ematen zigun. Unibertsitateko e-posta zerbitzariak software libre soluzioetatik, Microsoften zerbitzarietara migratuko dituzte. Albistea jarraituz, Sevillako Informatika Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan lan egiten duen David Benavides irakaslearen berri izan nuen. Bere Twitter kontuan, unibertsitateak hartutako erabakiaren berri emateaz gain, erabaki horrek burujabetza teknologikoaren inguruan suposatzen dituen arazoen laburpen argigarria egin zuen.

Bat egiten dut Twitter hari horretan Davidek egiten duen hausnarketarekin.

Euskal Herrian ere, geroz eta eskola gehiagok hartzen dituzte honelako erabakiak. Bai ume txikiei eskola hasi bezain pronto irekitzen zaien Google kontua, bai eskola batzuetan azken urteotan klaseak emateko ezinbestekoak diren Chromebook-ak, bai guraso-eskola komunikazioa bermatzeko WhatsApp mezuak. Euskaldunok ere, burujabetza teknologikoaren kontra egiten duten erabaki asko hartzen ditugu egunean-egunean.

Gurean, maila sozialean, burujabetza teknologikoaren aldeko giharra sendo egonik ere.

Software pribatiboa, eta oro har pribatutasuna zaintzen ez dituzten proiektuak edo aplikazioak aukeratzen ditugunean, gure kontrako zein gure erabiltzaileen kontrako erabakiak hartzen ari gara. Gaur egungo tendentzia software pribatibotik gure askatasun pertsonal eta kolektiboa bermatzen duten software libre proiektuetara migratzea izan beharko balitz ere, kontrako bidea egiten hasiak gara.

Agian, ez gara ohartzen burujabetza teknologikoaren bataila galtzen ari garela. Gurea beharko lukeen erabakimen ahalmena AEBn dagoen enpresa bati ematen diogula. Garapen eta ekonomia lokala sustatzeko baliagarri izango liratekeen proiektuak sortzeko aukerak kanpoan usten ditugula. Zerbitzu pribatuen eskuetan usten dugula, berriz ere, gure autonomia – eskoletan jantokiekin eta garbitasunarekin gertatzen den modu berean – edo sektore publikoa ahultzen ari garela. Etengabe.

Burujabetza teknologikoaren inguruko hausnarketa sakona egin beharko genuke. Besteak beste, hezkuntzan ere Librezale izan nahi dugulako.

Arduragabekeria digitala

Esango nuke telefono mugikorrean instalatzen ditugun aplikazioak arduragabekeria handiz instalatzen ditugula.

Hau da, gure telefonoan aplikazio bat instalatu orduko ez dugula sakoneko – kasu gehienetan ezta azalekoa ere – azterketa burutzen. Garatzailea nor den, aplikazioak zer egiten duen, nora konektatzen den, zertan lagunduko digun edo zein den garatzailearen etekina – gehienetan doako – aplikazio hori instalatzekotan.

Yonki digitalak garela onartu beharrean gaude. Ezinbestekoa zaigun dosi berriaren bila. Etengabe.

Gure telefono mugikorretan azken aplikazio moloia instalatuta nahi dugu. Eskaintza agortu orduko. Ustez, gainera, gure sistema eragilearen aplikazio dendan dauden produktu guztiak seguruak eta pribatuak direla.

Baina, lagunok, hori ez da inondik inora denda hauen errealitatea.

Azken egunotan Face App aplikazioa bolo-bolo ibili da gure telefono mugikorretan. Igandean nire gurasoekin jaten nengoela, ea probatu nuen galdegin zidaten. Aho bete hortz utzi ninduten. Denok nahi izan dugu – behintzat askok nahi izan dute – Face App aplikazioak erabiltzen duen adimen artifizialak norberaren selfiearen prozesamendua burutzea. Atso horrek zein itxura izango duen jakiteko asmoz.

Behar horrek zein fetitxismori erantzuten dion psikologo on batek azaldu beharko digula uste dudanez, pribatutasunean zentratuko naiz.

Face App bezalako aplikazioen helburua ez da edadetzen garenean nolako aurpegia izango dugun erakutsiz gure barreak – edo beste batzuenak – eragitea. Barre horrek ez diolako garatzaileari inongo etekin ekonomikorik uzten. Lagunok, mundu puta honetan, app garatzaile gehienek, etekin ekonomikoa nondik aterako den pentsatzen dute kode lerro bakarra idatzi orduko.

Aste bakarrean zaku bete selfie lortu dituen Face App-ak, mundu mailako profil desberdinak lortzeko aukera izan du: umeak, gazteak, helduak. Zuriak, beltzak, mestizoak. Emakumeak, gizonak. Bururatzen zait, big data teknikak aplikatuz, asko ikasi dezakeela aurpegi ezagutza hardwareak saltzen duen enpresa batek. Edo bere biztanleria zelatatu nahi duen gobernu totalitario – edo ez hain totalitario – batek.

Kasurik onenean zure telefonoan spywarea instalatzeko aukera handiak dituzu.

Baina ez da aplikazio hau etorkizunean arazoak sortu ditzakeen lehen aplikazioa. Hala balitz gaitz-erdi! Egiari zor, beldurra ematen didate eskumuturrean eramaten ditugun kirol monitore horiek. Guraso batzuek beraien seme-alabak non dauden jakiteko erabiltzen dituzten GPS jarraipen sistemek. Irensten ditugun kalorien zenbaketa egiten duten aplikazioek. Beraien etxeetan lagun batzuek jartzen hasi diren bozgorailu adimendunek… eta luze jarraitu nezake.

Beldurra ematen dit, laburbilduz, jendarte honek datuak modu hain arduragabean oparitzea. Kappitalismoaren erroak gure sukalderaino sartu izanak beldurtzen nau. Funtsean, zure selfie horrekin, nire aurpegiaren azterketa sakona egiteko aukera oparitu izana.

Software antifak fedibertso antifa

Softwarearen neutraltasunaren afera sakona da. Egia esan behar badizuet egunak ditut. Batzuetan uste dut teknologia, bere horretan, neutrala dela, eta berarekin egiten dugun erabilerak teknologia hori neutrala izango den, edo neutrala izango ez den, definitzen duela. Beste egun batzuetan, ordea, teknologia sortzeko moduak eta munduan nagusi den sistema ekonomikoak teknologia neutrala ez izatera bideratzen dutela uste dut. Oinarrian. Oinarritik.

Hau da hau.

Edonola ere, gaur Fedibertsoaren inguruan berba egitera etorri natzaizue. Fedibertso ingelesetik mailegatutako hitz bat da. Bi hitzen arte nahasketa. Hitz honek nahasten dituen hitzak federazioa eta unibertsoa dira. Hortaz, fedibertsoa unibertso federatua dela esan genezake. Laburbilduz, Fedibertsoa hainbat sare sozialen zerbitzariek osatzen duten ekosistema izendatzen du. Fedibertsoa gaur egun sortze bidean dagoen kontzeptua da. Eta zorionez, software librea izanik eta indargune nagusia komunitatea bera izanik, sortze prozesu horretan parte-hartzeko aukera zabaltzen zaigu.

Nik, gaurko honetan, eztabaida bat elikatuz parte hartu nahiko nuke.

Joan den asteburuan eztabaida sutsu bat eman zen Fedibertsoan. Gab proiektuak adierazpen askatasunaren izenean, eskuin muturreko adierazpenak zabaltzeko askatasuna aldarrikatzen zuen (ederra paradoxa). Beraien aburuz, adierazpen askatasunaren izenean (antza), eskuin muturreko astakirten talde batek babestutako ergelkeriak esateko eskubide osoa zuten. Adierazpen askatasunaren izenean holokaustoa ez zela existitu esan liteke. Antza. Baina ez. Adierazpen askatasunaren izenean ezin liteke horrelakorik esan.

Zer gertatu zen? Ba besteak beste, eduki misogino, homofobo, faxista eta orotar eskuin muturreko ideiak zabaltzeko bozgorailu bilakatu zela.

Gauzak horrela, Tuskyk (Mastodon sare sozialak erabiltzeko baliagarria den Android eta iOS aplikazioetako batek), aldebakarrekoa ematen zuen erabaki bat hartu zuen. Bere aplikazioan domeinu izen hori blokeatuko zuen eta horrela beraien app-a erabiliz ez zioten eskuin muturreko lotsabako horiei “literatura faxista” zabaltzeko aukerarik eskainiko.

Hori egin eta gero, Tusky aplikazioaren garatzailea(k) (ez dakit zenbat diren), beraien burua(k) antifatzat deklaratzen zituzten eta honelako zerbait adierazten zuten:

Ez saiatu gurekin adierazpen askatasunaren diskurtsoaren inguruan eztabaidatzen. Hau da gure adierazpena, #Antifa ikuspuntua baliatuz. Eta egiten jarraituko dugu.

Tusky

(Nik neuk itzuli dut, agian ez da itzulpenik egokiena, hemen daukazue originalera lotura).

Hau irakurri nuenean, egia esan, ez nuen asko hausnartu behar izan. Erabaki egokia zela uste nuen. Faxismoa gelditzeko bere alea eskaintzen zuen modu berean, ez zituelako software librearen askatasunak urratzen. Asteburuan zehar egon den mezu txaparrada eta gero, berdin pentsatzen jarraitzen dut. Tuskyk hartutako erabakia txalotu egiten dut. Are gehiago, erabaki horren alde egoteko bi argumentu ditut.

Lehena, eta garrantzitsuena: faxismoarekiko onargarria den tolerantzia maila bakarra 0 dela. Faxismoarekin, faxismoaz, ez da eztabaidatzen.

Bigarrena, eta blog bidalketa hau idaztearen zergatia: Fedibertsoko mezu desberdinak irakurtzen badituzue, aurkituko duzue nor Tuskyko garatzailea(k) GPL lizentziaren askatasunak urratu izanaz akusatu duen.

Hara! Irakurri ezazue berriz GPLa mesedez.

Zuetako batzuk dakizuen moduan, software librearen aldeko aktibista naiz. Nire ustez, software librea kodea baino askoz gehiago da, bizitza ulertzeko modu bat izan daiteke. Baina ez bizitza bere ikuspuntu erromantikotik. Baizik eta ikuspuntu politikotik.

Software libreak lau askatasun bermatzen ditu. Ez dizuet ezer berririk kontatuko. Lau askatasun horiek, software librearen ekosistema guztia sustengatzen dute. Helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea; aztertu eta aldatu ahal izatea; kopiatu ahal izatea; hobetu, eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea. Hauexek dira, hain zuzen ere, software librearen lau askatasunak. Eta Tuskyk Gab sare soziala blokeatu izanak ez du askatasun hauetako bat bera ere urratzen.

Bat ere ez.

Adierazpen askatasunaren bandera astintzen duen Gab zerbitzariaren erabiltzaileek, Tuskyk GPL-a urratu izanaz akusatu dute. Baita beste instantzi batzuetako erabiltzaileek ere. Eta bolbora bezala zabaldu da ideia hori Fedibertsoan zehar. “Agian software librea ez da zuentzako”, esaten zion batek baino gehiagok Tuskyri.

Baina, esan bezala, momentuz ez dut akusazio hori sustengatzen duen argudio bat bera ere aurkitu. Agian beraien helburua ez delako software librearen inguruko eztabaida bat sustatzea, baizik eta fakenews itxuradun xantai bitartez Tuskyren kontrako gerra hastea. Agian fedibertsoaren kontrakoa. Zorionez bataila galdu dute. Beraien kodea idaztera kondenatuak izan dira.

Software librea antifaxista izango delako, edo ez delako izango.

Hortaz, gaurko honetan, softwarea ezin da neutrala izan. Neutraltasuna, kasu honetan, neutraltasunaren kontra doalako.